13 DIC. 2016 Berezkoak Gonzalezek ezusteak ematen jarraitzen du Jon LEUNDA Gonzalezek eman du Superprestigioko bigarren ezustea ere, nahiz eta oraingoa ez den aurreko astekoaren neurrikoa izan. Bizkaitarrak 40 eta 20 hartu du mendean Ximun Lanbert. Pilotari lapurtarrak hilabete zeraman jokatu gabe, tartean arazo pertsonal larri bat izan baitu, eta atzoko norgehiagokan zehar garbi ikusi zen ez dagoela bere onenean. Hala ere, bizkaitarraren garaipenari ez zaio inongo aitzakiarik jarri behar, sakearekin sekulako triskantza egiten baitu, eta dagoen lekuraino iritsi baldin bada, berak egindako merituengatik izan da. Atzo 21 kintze lortu zituen lehen jokaldiari esker, eta hori ikaragarria da. Partidak hamalaugarren kintzera arte iraun zuen. Hor izan zen azkeneko berdinketa eta hortik aurrera Gonzalezek ihes egin zuen, 26-6 ko partziala sartuz. Jokoan Gonzalezek hamabost kintze egin, eta zazpi galdu zituen, eta Lanbertek, berriz, sei tanto lortu zituen saketik, eta jokoan, zazpi egin eta lau galdu zituen. 5-0, 5-5, 13-5, 14-14, 23-14, 39-17, 39-20 eta 40-20; hori markagailuko mugimendua. Bigarren partida oso kaskarra suertatu zen; Ospitalek 40-24 irabazi zion Ezkurrari. Saketik lau kintze sartu zituen, eta bi gehiago Ezkurrak. Jokoan 28 egin eta sei galdu zituen Ospitalek; hamabi egin eta zortzi galdu, berriz, Paxkal Ezkurrak. 3-0, 6-1, 9-4, 16-8, 23-10, 26-13, 33-15, 36-21 eta 40-24 izan zen 67 minutu iraun zituen partidako markagailuko mugimendua.