Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Erraustegiari buruzko azken hitza gizarteak izango duela dio GuraSOSek

Pasa den asteartean Gipuzkoako Diputazioak Zubietako erraustegia eraikitzeko esleipena sinatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak tramiteak eteteko GuraSOSen eskaera deuseztatu ostean.

Horren harira, elkarteak agerraldia egin zuen atzo, Donostian. Joseba Belaustegi, Joxe Mari Izeta eta Julene Albistur izan ziren ordezkariak, eta hasteko esan zuten ez dutela ebazpen judizialik kritikatuko. «Auzia ez da erraustegia bai ala ez, baizik eta nola», zehaztu zuten. Izan ere, elkarteak uste du azken hitza gizartearena izango dela.

«Gizarte honek ezagutzen duen demokrazia alderdien demokrazia da, eta beste aldean legoke herritarren demokrazia edo demokrazia zuzena. Batak ez du bestea kentzen, biak dira beharrezkoak, baina oraindik oso atzean gaude», esan zuen.

Europatik datozen legeek herritarren parte-hartzea sustatzen badute ere, Gipuzkoan hori «ezinezkoa» dela ohartarazi zuen. Hala ere, uste du «borroka hori gizarteak irabaziko» duela.

Elkartearen ustez, alderdiak ohituta daude monopolioa izatera eta beldurra diote boterea galtzeari. «Ez dute nahi inongo konexio politikorik ez duten herritarrik, ez gara erosoak», bota zuten.

«Gurasoak garelako»

Elkarteko ordezkariak oso tinko agertu ziren. «Konfiantza osoa dugu gizartearengan», adierazi zuten ondoren gehitzeko «hemen gaude gurasoak garelako, eta guraso batek bere seme-alabak babesteko ez du inoiz etsitzen. Hori da gure indarra eta beraien debilidadea».

Hala, uste dute gizartea biltzea dela gakoa eta herriak erabaki beharko duela zer den hobea berarentzat. Horren isla izan dadin, otsailaren 19rako manifestazioa deitu dute Donostian. 12.00etan aterako da Artzain Onaren katedraletik eta Bulebarrean amaituko da.

«Donostiako kaleak bete egingo dira adostasuna edo liskarra, batuketa edo banaketa, guztiok irabazi edo guztiok galtzearen artean zein aukeratzen dugun ikusteko», esan zuten, eta ondoren azpimarratu zuten protesta «ez dela erraustegiaren aurkako manifestazioa, GuraSOSen bide-orriaren aldekoa» baizik, alegia, herriak erabakitzearen aldekoa.

Bestalde, Errausketaren Aurkako Mugimenduak beste mobilizazio bat deitu du biharko. 12.30ean Hondarribiko Butroi pasealekutik abiatuko da. Duela hamabi urte Txingudin eraiki nahi zuten erraustegiaren aurka egon zirenez, oraingoan Zubietakoaren kontra ere badaudela adieraziko dute.