GARA Euskal Herriko egunkaria

Izialdura


Minutu guttiren buruan zeru oskarbia euri lainoz janzten den herrian entzuten da: «Lo iragan du negua, harpe ziloan gordea, tapa-tapa agertzen da, gaur atzarri da hartza». Karrikan saltoka dabil jendea, haurrak irribarreka, segundo batzuez behintzat zoriontsuak dira. Kantuari musikak laguntzen dio, akordeoi zahar bat eta doinu altuak jaulkitzen dituen txistua antzematen dira elkarrizketa atseginen artetik. Mozorroek jende anitzen tristezia estaltzeko gaitasuna dutela iduri du bestalde. Indartsua da hartza, sendoa, «Azkarra», nahiz eta hitz horrekin batzuk bizkorraren adiera ulertuko duten; abiaduraren gizartean ulerkortasuna beti egon da besteen esku. «Baina malestruka» da plantigradoa eta «Ihauteritan jautsiko da». Eta eguna argituko du orroak, goiz-albatik gaueraino. «Beltxaran ile trinkoa, haurren izialdura», non eta ttipienei animalia basatiak baino beldur gehiago sortzen dienik baden helduek eraiki dugun mundu honetan. Eta mundu horri adjektiboa jartzea norberaren aukera da, hizki zopa edo hieroglifikoa bailitzan. «Oihuka tapa-tapa agertzen da, gaur atzarri da hartza». Gu lo gaude ordea, izarapean goxo-goxo, buelta erdi eman eta handik kanpoari beha, besteen mina ulertzen dugu, baina eskas gara ezer egiteko hura alda dadin. Kakotx artean, bizi naizen inguruko inauteri kantu bat aurkituko duzue, kakotxik gabe eguneroko maskara eta mozorroak barnebiltzen dutena. Bizitza inauteri bat da.