Aimar Irigoienek gainerakoei ez die aukerarik ematen
Kirolari errezildarrak aise irabazi zuen Gorostidi Harria Txapelketa.
Ez zen ezusterik izan, eta Aimar Irigoienek irabazi zuen herenegun Adunan jokatu zen Gorostidi Harria Txapelketa. Errezildarrak sekulako lana egin zuen, eta zaleek ikaragarri gozatu zuten berarekin.
Jendearen erantzuna ere ikaragarria izan zen, Adunako pilotalekuko harmailak leporaino bete baitziren, sekulako jendetza batu zen saioa ikusteko asmoarekin, eta orokorrean ikusitakoa ere bikaina izan zen.
Kirolari bakoitzak, 139 kiloko harri baldarra, 150eko zilindro zaharra, 155eko errektangular zaharra, 160ko zilindro zaharra eta 175eko zilindro zaharra erabili behar izan zituen. Bakoitzari bi jasoaldi eman behar zizkion harri-jasotzaile bakoitzak jarraian, eta helburua harri guztiak, bakoitzari bi jasoaldi emanez, ahalik eta denborarik gutxienean egitea zen. Gehienez hamar minutuko txanda zuten.
Aimar Irigoienek sekulako ikuskizuna eman zuen. Harriak ziztu batean jaso zituen, batetik bestera korrika batean joanez, eta hori ere ederki eskertu zuten zaleek. Errezildarrak lan guztiak burutzeko minutu eta 47 segundo behar izan zituen. Horrekin txapela segurtatuta utzi zuen.
Jokin Eizmendik lortu zuen bigarren postua, eta zarauztarrak bere lanak 3 minutu eta 6 segundoan amaitu zituen. Podiuma Galarragak osatu zuen, eta hark eginbehar guztiak egiteko 4 minutu eta 5 segundo behar izan zituen.
Hortik atzera ere gauzak onak izan ziren. Joseba Ostolatzak eskuratu zuen laugarren postua, eta zestoarrak eginbehar guztiak egiteko 4 minutu eta 7 segundo behar izan zituen. Izetatarren arteko lehia ere oso polita izan zen, bi segundoko tartea egon baitzen. Izeta IV.ak 4 minutu eta 31 segundoan amaitu zituen lanak, eta bi segundo gehiago behar izan zituen Izeta III.ak.
Zazpigarren postua Iban Ugartemendiarentzat izan zen eta Hernialdekoak bere jarduna 5 minutu eta 26 segundoan burutu zuen. Xabier Aranburuk itxi zuen sailkapena, bereak 5 minutu eta 48 segundoan amaituz.
Lazkao
Lazkaon atzo abiatu zen Pastorkua Sariketa, eta lehen saioa Lopetegi zarauztarrak irabazi zuen, Eizagirreren aurka. Bakoitzak 125eko koadroa, 113ko kubikoa eta 200eko bola erabili zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutu izan zituzten. Lopetegi hiru harriekin izan zen onena. Aurrenekoari 20 jasoaldi eman zizkion, 15 bigarrenari, eta 18 hirugarrenari. Eizagirrek, berriz, koadroa 19 aldiz berdindu zuen bizkarrean, 13 aldiz kubikoa eta 16 aldiz bola. Denera 53 jasoaldi lortu zituen Mikel Lopetegik, eta 48 lortu zi- tuen Iñigo Eizagirrek.