GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Gazteen eta beteranoen dema finalerdietan


Harri-jasotzaileen Pastorkuaren Oroimenezko Torneoko finalerdiak jokatuko dira asteburu honetan. Gaur Zegaman, aizkolariekin batera, jokatuko da aurrenekoa. Ber- tan, Izeta IV.a eta Lopetegi izango dira aurrez aurre.

Bihar, berriz, Galdakaon, han ere Urrezko Aizkorako finalerdiarekin batera arituko dira. Izeta II.a eta Joseba Ostolatza izango dira nor baino nor: bi beterano handi, baina biek ere oraindik eskaintzeko asko dutenak.

Harri-zulatzea

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Liga ere abiatzera doa, eta gaur bertan jokatuko da aurreneko saioa. Ortuellako Otxartaga plazan abiatuko da aurtengo Liga, eta lehenengo saioa 17.00etan jokatuko da. Errekatxo, KZ Kolpeka, Kabiezes, Burdin Gazteak, Aldai Alde eta Piratak izango dira aurtengo Liga honetan parte hartuko duten taldeak. Aipatzekoa da KZ Kolpeka taldea, izan ere, hau emakumez soilik osatutakoa baita.

Aurten hasiera batean zortzi jardunaldi egin nahi dituzte, eta horietako seik badute lekua. Horrela, hurren- go jardunaldia ekainaren 10ean izango da Gallartan. Muskizen jokatuko da hirugarrena ekainaren 25ean. Laugarrena, uztailaren 16an izango da, eta Barakaldon jokatuko da. Abuztuaren 15ean Gernikan izango da saioa, eta abuztuaren 26an Bilbon. 

Oraindik Santurtzin eta Trapagaranen jokatu nahi dituzten probak baieztatzeko daude, baina antolatzaileen ustez horietan ere egin ahal izango dira.

Ligaz aparte, Euskal Herriko Txapelketa ere izango da bai taldeka eta bai binaka eta bakarka.