Maitane ALDANONDO
Donostia

HIRI TXIRRINDULARIEN SEGURTASUNA HOBETZEA XEDE DU VELOHUB-EK

Suitzan ikasten ari diren bost gaztek Velohub enpresa eratu dute txirrindulari urbanoen segurtasunerako produktuak garatzeko. 2015ean kasualitatez hasi zuten proiektuaren lehen emaitza Blinkers zirkulazio argiak dira. Irailean edo urrian merkaturatuko dituzte.

Txirrindulari urbanoen bide segurtasuna hobetu eta arriskuak murrizteko helburua du Velohub enpresak. Iazko ekainean sortu zuten Zuricheko Eskola Politekniko Federalean master ikasketak egiten ari ziren 24 eta 25 urteko bost gaztek. Denak kanpotarrak dira han: Javier Fernandez de Alegria zuzendaria gasteiztarra da; taldea utzi duen Nico Callejo, iruindarra; eta gainerakoak, Javier Bilbao, Angel Romero eta Carlos Florido, estatukoak. Han elkar ezagutu eta hilabeteetan jardun dira lehen produktua prestatzen; uda ondoren merkaturatzea espero duten bizikletentzako argi kit-a.

«Ustekabean» sortu zen aukera. Kideetako batek sos batzuk lortzeko mezulari gisa lan egiten zuen eta jabetu zen istripuak eta ezbeharrak autoekin elkarreragitean gertatu ohi direla. «Hori izan zen hazia» eta denen artean aurkitu zuten irtenbidea. Blinkers jarri diote izena gailuari. Bi osagai ditu, argiak eta agintea, baina funtzionalitate ugari. Aurrealdeko argia zuria da, eta posizioa adierazteaz gain, keinukaria ere bada. Atzekoa, berriz, gorria, eta keinukaria nahiz galga argia da, abiadura moteltzen ari dela adierazteko. Horrez gain, laser bat ere garatu dute bi marra proiektatzen dituena bizikleta inguruan, segurtasun perimetro bat sortuz. Osagaiek 15 orduko autonomia dute eta USB bidez kargatzen dira. Hauek magnetikoki lotzen dira armazoi baten bidez, eta martxan jarri, duten magnetoak konexioa nabaritzean. Kontrolatzeko aginte bat dute, eskulekuan jartzen dena, eta botoi baten bidez norabidea adierazi edo laserra piztu ahal du erabiltzaileak.

Proiektua unibertsitateko ETH Entrepreneur Club Award sarira aurkeztu zuten 2015eko abenduan. Irabazi egin zuten eta 3.000 franko eman zizkieten prototipoak egiten hasteko. Horri esker, gainera, Swiss Start Up Factory-ko arduradunak deitu eta aukera eman zien bizkortze programa batean parte hartzeko. Era berean, egitasmoa finantzatzeko bi crowdfunding kanpaina ere egin dituzte. Hauetakin 70.000 euro lortu dituzte, eta bidearen tarte bat egiteko balio izan die. Gainerakorako, ordea, inbertsore pribatuak barneratu behar izan dituzte. Kanpainak bestela ere baliagarri izan zaizkie, hainbat ale saldu baitituzte. «Konfiantza eman digute. Produktuak potentziala duela eta sal daitekeela ikusi dugu».

Bizkaian muntatua

Zazpi hilabete aritu dira industrializazio prozesua lantzen, ingeniaritzako aholkularitza enpresa batek lagunduta; diseinatzen badakiten arren, eskarmenturik ez baitute kostuen alorrean. «Beraiekin ikusi dugu zer den posible, zer ez. Eta zer den posible 100 euroren truke edo 1.000 euroren truke», aitortu du Fernandez de Alegriak, eta azaldu du sorrerako ideiatik bestelakoa dela emaitza. «Barruko osagarri elektronikoak aldatu dira, hainbat gauza kendu dizkiogu, garestiak edo errealistak ez direlako...». Suitzan egingo dituzte osagai elektronikoak, plastikoak, berriz, Santanderren, eta produktua Bizkaiko Lantegi Bantuek muntatuko dute.

Lau kit salduko dituzte 99 eta 199 euro arteko salneurriarekin, segun eta argi bakarra, biak edota laserra barneratzen dituen. Iaz eta aurten aurre-salmenta kanpainak egin zituzten eta 700 bat argi saldu zituzten. «Apur bat kontzeptua balidatu egin dugu eta diru apur bat lortu enpresa sortzeko eta fabrikazioa garatzeko». Irailean edo asko jota urrian hasiko dira saltzen. 3.000 produktu ekoitziko dituzte aurten saltzeko, eta eskariaren arabera, agian, azaroan tirada berri bat egingo dute. Internet bidez mundu osoan salduko dute, baina fokua jarriko dute Suitzan, Danimarkan, Herbehereetan eta Erresuma Batuan. Hiri txirrindulari asko duten herrialdeotan salmenta puntuak izaten saiatuko dira; baina zuzendariak zehaztu duenez beste aukera batzuk ere badituzte. «Espainian eta Euskal Herrian badauzkagu proposamen batzuk, baina oraindik ez dago ezer lotua», zehaztu du zuzendariak.

Helburu dute bizikleten industrian tokia egitea, eta badakite horretarako portfolio bat behar dutela. Ideia asko dituzte buruan, «kaskoak, bestelako argiak...», baina Blinkers merkaturatzean hasiko dira horiek garatzen. Suitzan egingo dute. «Herrimina badugu, baina gure produktuarentzat merkatu egokia da. Start-up sistema handi bat du, dirua aurkitzeko, beste enpresekin berba egiteko... balio duena. Orokorrean, Espainian edo Euskal Herrian baino askoz hobea». Gasteiztarrari «oso polita» iruditzen zaio bizikleta mundua seguruago egin eta gizartean eragin positiboa izango duen zerbait sortzea. Bizipena bera ere oso aberasgarria izaten ari da. «Lortu ditudan gauzak, ezagutu dudan jendeak… konpentsatu du horrenbeste denbora honi ematea. Oso polita da ideia bat eduki eta errealitate bilakatzea», azaldu du.