GARA Euskal Herriko egunkaria

Gureak-ek sukalde berri bat ireki du Hernanin


Atzo goizean ireki zuen Gureak-ek Hernaniko Ibaiondo industrialdean izango duen sukalde nagusia. Instalakuntzak egunean 3.000 otordu zerbitzatzeko prestatuta daude, eta otordu horiek hainbat zerbitzutara zuzenduta daude; besteak beste, etxez etxeko zerbitzuaren erabiltzaileei, Gureak-eko jantokietara, Sanmarkosene egoitzara eta Intxaurrondoko gizarte jantokira.

Egun, 82 pertsona ari dira sail honetan lanean eta sukalde berriaren zabalkuntzarekin, Gureakek bost urtean lanpostu kopurua bikoiztea aurreikusten du. Erakundeak 2,5 milioi euroko inbertsioa egin du instalazio hauetan.

Irekiera ekitaldian, besteak beste, Hernaniko alkatea eta Gureakeko presidentea izan ziren. Azken honek «laguntza gehien behar duten pertsonentzat» sukaldeak postu berriak sortuko dituela azpimarratu zuen. Bestalde, Gureakek baratze ekologiko bat ere jarriko du martxan, horrela, 33 lanpostu berri sortu ahal izateko.