GARA Euskal Herriko egunkaria

Protesta


Semearen ekintzek harro sentiarazi dutela azaldu dio emakumeak kazetariari. Bero honekin nola behartu ditzake eskolako zuzendaritzak mutikoak praka luzeak eramatera? Bai, ulertzen du prestigio handiko eskola dela eta garrantzi handia ematen diotela arauei eta manera onei eta protokoloari, eta uniformea horren guztiaren isla dela. Baina mutikoei praka laburrak eramaten ez uztea kalitate onekoak badira ere… Non ikusi da hori? Neskek, ordea, gona laburra eramaten dute, urte osoan eraman ere. Bai, neguan hotz ikaragarria egiten du, baina gona laburrak estetikoagoak dira luzeak baino. Gainera, artilezko galtzerdi luzeak eramanda akabo komeriak. Praka luzeek, ordea, ez dute konponbide errazik. Ezin horiek laburtu, eskola protokoloaren kontra doalako. Ez ote da hori diskriminazioa? Normala semea eta lagunak gona laburrekin agertu izana eskolara protesta moduan. Zer irudituko litzaidakeen neskak prakekin agertuko balira? Ez dut galdera ulertzen. Zergatik egingo lukete hori? Gona eramatera behartzen dituztelako? Ea ba, nork behartzen ditu gonak eramatera? Gona naturalagoa da neska batengan prakak baino, mundu guztiak daki hori. Gainera, hankak erakutsi behar dituzte neskek, gizonei gustatzen zaie hori. Neskak iritzi berekoak ote diren? Eta zergatik ez dira, ba, izango? Ez dakit ulertzen didazun. Nesken uniformea ez da arazoa; nesken uniformea den modukoa ondo dago. Arazoa mutikoek jasaten duten bazterketa da. Bero ikaragarri honekin protokoloa jarraitzera behartzea ere... Ez dago eskubiderik!