GARA Euskal Herriko egunkaria

«Scheherezade» eta «West Side Story», Euskal Herriko Gazte Orkestraren udako errepertorioan

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) N.R. Korsakov-en «Scheherezade» eta L. Bernstein-en «West Side Story» obrak interpretatuko ditu udan Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Hondarribian egingo dituen emanaldietan.


EGOk “Scheherezade” eta “West Side Story” obrak interpretatuko ditu bere udako denboraldian. Hitzorduak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Hondarribian izango dira. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko, Bilboko Orkestra Sinfonikoko eta Musikeneko irakasleek errepertorio sinfoniko hori prestatu dute 86 musikari gazterekin. Eibarko hezkuntza- gunean egingo da musikari eta irakasle guztiekin topaketa eta Juan Jose Ocon arituko da zuzendari lanetan.

Emanaldiak uztailaren 18an abiatuko dira eta hilaren 21ean izango da azkena, data zehatz hauekin: atariko emanaldia Hondarribian egingo da, Itxas Etxea auditoriumean. Uztailaren 19an Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da EGO, eta hurrengo egunean Bilbon egingo du emanaldia Euskalduna jauregian. Azken hitzordua Gasteizko Printzipal Antzokian izango da. Zuzeneko guztiak 20.00etan izango dira.

«Gure musikari gazteek errepertorio profesionala izatea, programazio konplexu baten bitartez; hori da orkestra horren xedea», adierazi zuten atzo arduradunek denboraldiaren aurkezpena egitean. Beren ustez, «ez dago beste modurik gure gazteak lehiakorrak izan daitezen» nazioarteko merkatuan. Hartara, gainerako hautagaiekiko aukerekin parekatzeko tresna pedagogikoak eskaintzea ezinbestekotzat jo zuten.

Hogei urteko ibilbidea

Dagoeneko hogei urteko ibilbidea bete du Euskal Herriko Gazte Orkestrak 1997an sortu zenetik. Urte horietan guztietan hainbat izan dira euskal musikari gazteekin egindako ekimenak. Ganbera musikako eta musika sinfonikoko 150 kontzertu baino gehiago; kontzertuak atzerriko sei herrialdetan nazioarteko biren barruan; 120.000 entzule baino gehiago, eta guztira 1.000 musikari gazteren parte hartzea.

Datuek fundazioaren sorrerako helburuak berresten dituztela adierazi zuten atzo. Hots, «orkestra-musikari buruzko trebakuntza-bide alternatibo bat eskaintzea EAEko gazteei, lan merkatuarekin harremanetan jartzea musikari gazteak; musika ikasketa arautuen eta jarduera profesionalaren arteko zubiak eraikiz; musika balioak sustatzea gure erkidegoko gazteen artean; eta pizgarri izatea musika ikasketa arautuak egiten dituzten ikasle guztientzat».