GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Jokin Eizmendi izango da faborito Errota Harri Txapelketan


Bihar Zestoako Iraeta auzoan 17.30ean jokatuko den Urrezko Aizkorako saioarekin batera Iraetako Errota Harri Txapelketa izango da. Bertan dagoen 109 kiloko harri borobila erabiltzen dute, eta kirolari bakoitzak hiru minutuko txanda bakar bat izango du lanerako.

Jokin Eizmendi, Jon Gisasola, Imanol Albizu, Xabier Peñagarikano, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno izango dira lanean arituko diren kirolariak. Jokin Eizmendi izango da irabazteko faborito nagusia. Zarauztarra azkeneko urte hauetan bikain dabil, eta bera mendean hartzea ez dute gainerakoek batere erraza izango.

Hala ere, gainerako kirolariak ere oso kontuan hartu beharko dira. Peñagarikano, esaterako, azkenaldian itxura bikaina emanez dabil, eta lan oso onak eginez ere bai. Urruzuno ere hor dago, eta bera ere kontuan hartu beharko da, bere unerik onenean ez badago ere. Ondarroakoak ere maila handia dauka, eta harri hau ez da gaizki doakiona.

Egur Sportek antolatzen duen harri-jasotze torneoan, berriz, gaur jokatuko da saioa Zizurkilen, aizkolariekin batera izango baita harri-jasotzeko lehiaketa. Gaurkoan Goenatxo III.a arituko da. Azkoitiarrak 175 kiloko errektangularra eta 150 kiloko kubikoa erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanerako bina minutuko txandak izango ditu. Orain artekoan Illarramendirena da markarik onena, eta Aranburu doa bigarren.