GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Finalerako bigarren bikotea ezagutuko da Beasainen

Iker Vicente eta Ruben Saralegi Iñaki Azurmendiren eta Jon Rekondorenaurka arituko dira. Nesketan, Ariztegi, Sorondo eta Astondoa jardungo dira.


Binakako Urrezko Aizkorako lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatuko da bihar, 12.00etan, Beasaingo Antzizar kiroldegian. Bertan B multzoko lehen postua egongo da jokoan, eta irabazten duenak zuzenean lortuko finala jokatzeko txartela; galtzen duenak, berriz, finalerdiak jokatu beharko ditu A multzoko bigarren sailkatuen aurka.

Iker Vicente eta Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendiren eta Jon Rekondoren aurka lehiatuko dira. Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta, orain arteko proba guztietan bezalaxe, amaieran lan guztietako denborak batuko dira, eta hor jakingo da zein den irabazlea.

Adituen ustez, Vicente eta Saralegi aterako dira faborito. Tartean zutik jarritako enborrak badaude, eta askotan hemengo aizkolariei horrek min egiten die, baina aurreko saioan ikusi zen Vicente II.ak etzaniko enborrak bezalaxe mozten dituela, eta hor aldea lor dezakete bi lehengusuek. Hala ere, ez dirudi erraza izango denik iraupen proba baino lehen saioa erabakita uztea.

Emakumezkoen Buruz Burukoan, berriz, aurreneko aldiz hiru aizkolari arituko dira batera. Beasainen izango dira lanean Nerea Sorondo, Maika Ariztegi eta Irati Astondoa. Hauek ere bi lan ezberdin egin beharko dituzte. Oinbeteko enborra zeinek azkarrago moztu lehiatuko dira aurrena, eta ondoren bi 45 ontzako enbor erdibitu beharko dituzte.

Hemen ere, mutilen kasuan bezalaxe, bi lanetako denborak batu egingo dira, eta horren ostean jakingo da sailkapena.

Harri-jasotzea

Urrezko Harri-jasotzeko lehiaketako jardunaldia ere jokatuko da, eta Imanol Illarramendi izango da lanean jardungo dena. Bera izan zen lehen jardunaldiko harri-jasotzailerik onena, guztira 2.425 kilo bizkarreratuz, eta oraingoan nahikoa izango luke 1.325 kilo bizkarreratzea. Horrekin Azpeitiko saio handian izango litzateke.

Lehen jardunaldian egin zuen lana kontuan hartuta, normalena izango litzateke Illarramendi finalean izatea. Bi jardunaldi jokatuta dauden kirolarien artean onena Aimar Galarraga da, guztira 4.425 kilo jasota. Goenatxo III.a ere bi jardunaldi jokatuta dago, eta azkoitiarrak 3.750 kilo bizkarreratu ditu. Aranburu eta Ugartemendia, Illarramendi bezalaxe, jardunaldi bakarra jokatuta daude.