Andoni ARABAOLAZA
PIRINIOAK

Luxu handiko sormena Olibon mendiaren ipar horman

Urtarrilaren 29an, Mikel Zabalza eta Eneko Cesar nafarrek «Tope Luxuri» bidea zabaldu zuten. 300 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: IV/M6+, 90º. Protagonistek diote mistoko marra ederra dela, eta zailtasunean iraunkorra.

Orain dela gutxira arte, negu honetan, Pirinioetan bederen, maila duten jarduerak egiteko apenas izan da baldintzarik. Hori batek baino gehiagok ziurtatu digu. Alabaina, ia beti bezala, salbuespen bat edo beste izan da. Hori gertatu zaie Mikel Zabalza eta Eneko Cesar nafarrei.

Sokada honek aukera izan du Olibon mendiaren ipar horman bide berri eta gogor bat zabaltzeko. Joan den urtarrilaren 29an izan zen. “Tope Luxuri” deitu diote, eta honako zailtasunak ditu: IV/M6+, 90°. Krokisean ikusten den bezala, 300 metroko proposamen berrian mistoa da nagusi. Izotz mehe pixka bat ere ukitu zuten, baina lan handiena tarte mistoetan egin behar izan zuten; izan ere, hauek guztiak zailtasunean iraunkorrak dira eta hauek babesteko asko garbitu behar izan zuten.

Gogoratu behar dugu duela pare bat urte Zabalzak berak Carlos Rubio eta Pablo Ruizekin Oliboneko pareta horretan “7 vidas” bidea ireki zuela. Bada, Cesarrek adierazi digunez, azken sormen lan hau aurreko horretatik jaio da: «Zabaldu berri dugun marra hau Mikelek aspalditik buruan zuen. ‘7 vidas’, berez, Mikelekin zabaldu behar nuen, baina, azkenean, beste bi kiderekin joan zen. Xedea urte hartan bi bide sortzea zen, baina batekin geratu ziren».

“7 vidas”-en ez bezala, protagonistok “Tope Luxuri”-n aurkitutako baldintzak ezberdinak izan dira: «Nik uste dut eskasagoak izan direla; beste era batera esanda, ipar horma hori nahiko lehor zegoen. Izotz pixka batekin egin dugu topo, baina, kalitatearen aldetik, ona zen. Izotzerako soilik bi torloju erabili genituen, eta horietako bat lokatz gogortuan jarri genuen. Lokatz horretan ere pioletek zein kranpoiek lan ederra egin behar izan zuten».

Olibonera joan aurretik, Zabalzak ipar hormaren baldintzak aztertu zituen: «Astebete lehenago Iker Madozekin Llana del Bozon bide bat ireki zuen. Baina, berez, pareta aztertzera joan zen. Lepo batera igo eta ikusi zuen aukera zegoela sortu dugun bidean sartzeko. Argi zuen unea zela».

«Zaila zein ederra»

Bestalde, Cesarrek aurreratu digu jardunaren bezperan, “7 vidas” eskalatzera joan ziren lagun batzuek tresneria guztia murruaren oinarrian utzi zietela: «Hori luxu bat da. Gainera, eguraldi oso onarekin eta eskalada bikain batekin gozatzeko aukera izan genuen. Horregatik guztiagatik, marra berriari ‘Tope Luxuri’ deitu diogu».

Nafarrak esan duenez, egun zoragarria izan zuten: zeru urdina, hotz gutxi eta haizerik ez. Eta baldintza horiek aprobetxatuta, Cesarrek azpimarratu nahi izan digu bide ederra zabaltzeko aukera ezin hobea izan zutela: «Bidean sartu ginenean, zera esan genion geure buruari: ‘Ea zer pasatzen den’. Artesiak garbitzen lan eskerga egin genuen, eta, jakin dakizunez, horrek denbora asko kentzen dizu. Eta hori luze gehienetan pasa zitzaigun. Hala ere, onartu behar dut luze gehienak ondo babesten direla. Beraz, ez da arriskutsua. Lehen luzeetan ez genekien aurrean zer aurkituko genuen. Eta garbiketa lanak direla eta, lehen hiru luzeetan eta erdikoetan nahiko mantso joan ginen. Ondoren zati errazago batekin egin genuen topo, horri esker sormen lan hau ez genuen gauez bukatu. Luze hori bosgarrena da, 60 metrokoa, eta azken bi luzea k gelditzen zirela, jakin bagenekien gauak ez gintuela harrapatuko. Zalantza asko izan genituen; batez ere, pareta oso lehor zegoelako eta asko garbitu behar izan genuelako».

Era horretan, sokada nafarrak “Tope Luxuri”-ri forma eman zion. Protagonisten ustetan, bide ona da eta zailtasunean jarraikortasuna du: «Berez, luze horien zailtasuna pauso batean edo bestean kokatzen da. Horrekin esan nahi dut luze bakoitzean ez zoazela topera. Ondoren, errepikatu egin da, eta onartu digute asko gustatu zaiela».