Jon LEUNDA
Berezkoak

Ospitalek aurkarien gainetik pasatzen jarraitzen du

Ospitalek finalerdietako ligaxka garaipenez josita amaitu du, atzo Lanberti 40 eta 22 irabazi baitzion, 49 minutu iraun zuen neurketan. Atzo garbi utzi zuen aurten bera dela txapela lortzeko faboritoa. Hurrengo larunbatean jakingo du finaleko aurkaria zein duen. Joko aldetik bikain aritu zen, eta Lanbertek ez zuen izan ezertarako aukerarik.

Ximun Lanbert aurreratu zen markagailuan, baina behin bana berdinduta, markagailuan ihes egin zuen Ospitalek, eta beti kontrolpean izan zuen neurketa, jokaldi bikainak eginez. Jokoan, 25 kintze egin zituen Ospitalek, eta galdu, 4. Saketik, berriz, 11 egin zituen. Lanbertek 14 kintze egin zituen jokoan, eta 4 galdu zituen. Lehen jokaldiarekin 4 egin zituen. 0-1, 1-1, 9-1, 15-7, 20-8, 27-12, 31-18, 37-20 eta 40-22 izan zen markagailuaren mugimendua.

Bigarren Mailakoan, berriz, Intxauspek 40-39 irabazi zion Palomesi. Emaitza honen ondorioz, garbi dago datorren larunbatean gertatzen dena gertatuta ere, Iturbe finalean izango dela, eta atzoko biak eta Laurent Lanbert berdinduta geratzen dira garaipen banarekin. Larunbatean Lanbertek irabazten badu, finalean izango da. Bestela tantoen arabera izango da.