J.L.
Berezkoak

Larraldek Bilbao mendean hartu eta Buruz Buruko finala jokatuko du

Ez zen ezusterik izan, eta Larraldek jokatuko du Berezkoen Buruz Buruko finala datorren igande eguerdian Baionako Modernen Ospitalen aurka.

Atzo Bilbaori 40 eta 20 irabazi zion. Biek zekiten zer zegoen, biei irabazteak bakarrik balio baitzien finalerdietako ligaxkako azkeneko jardunaldian, eta Larraldek ongi jokatuz irabazi zuen.

Hastapeneko kintzeak Bilbaoren aldekoak izan ziren, eta 1-5 aurretik ere izan zen, baina 9na berdindu zutenetik, Larraldek hartu zuen aginte makila, eta zuzenean joan zen partida amaitzera, aurkariari inongo aukerarik eman gabe.

Apurka-apurka faboritoa aldeak handitzen joan zen. Behin 31-18 jarri zirenean, garbi zegoen partidak norako joera hartuko zuen, eta horrelaxe izan zen. Larraldek ez zuen barkatu, eta finalerako txartela eskuratu zuen. Saketik 12 kintze egin zituen Larraldek eta 5, Bilbaok. Jokoan irabazleak 21 kintze egin zituen, eta 23 galdu. Bilbaok, berriz, 13 egin eta 7 galdu zituen. Markagailua honela mugitu zen: 0-2, 1-5, 9-9, 15-10, 26-11, 31-18, 37-19 eta 40-20.

Bigarren Mailan, Iturbek 40 eta 34 irabazi zion Laurent Lanberti, baina bi pilotari hauek izango dira finala jokatuko dutenak. Atzokoa jokatu aurretik ere Ion Iturbe sailkatuta zegoen, baina atzo ere irabazi egin zuen. Ondorioz, Lanbert, Palomes eta Intxauspe berdinduta geratu dira, bakoitza partida bana irabazita, eta alde eta aurka dituzten puntak kontuan hartuta, Lanbert izango da Iturberen aurka finala jokatuko duena.

Final hau ez da jokatuko otsailaren 25an Modernen Lehen Mailakoarekin batera, otsailaren 26an baizik, eta Donibane Garazin jokatuko da.