Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Matazen hariak

Sasoi nahasiak dira oraingoak; ez, ez nago Koreaz, Kurdistanez ere ez, gure inguruko lurraldeen egunerokoaz nago. Sasoi konplexuak, bai, askotan arazoen kausak eta ondorioak elkar elikatu eta lausotu egiten direla, politikaren matazako hari batetik tiraka hasi eta zer aterako den misterio dugula… kristauek beraiek ere, misterio dutela, ez pentsa! Nahasia gero! Hortaz, denboraz eta patxadaz behar da gogoeta, honetaz eta hartaz, pazientzia iraultzailea izan baitaiteke.

Horra! Denboraren kontzeptua bera, bere adieran, aldatuz doa, Katalunian behinik behin! Orain ez asko kosta egiten zitzaidan hemendik ulertzea hango antikapitalistek funtsezko erabakiak hartzeko behar zuten denboraren luzea. Bada, hara! gaitz hori, agian osasuntsua, zeinek jakin?, kutsatu dute hango indar subiranisten gorputzean… eta hango azken asteotako mataza ikusita dudan nago hango erlojuek orratzik ote duten. Argi dudana da CUPekoak oso arinak direla erabakiak hartzen. Mon Dieu! Batek zioen moduan, denbora oso modu desberdinean bizitzen da, komuneko atearen alde batean eta bestean sikiera!

Tira, nahasiaren harira! Siberiatik fronte hotza etorri eta hara! zuri utzi gaitu itsas bazterreraino, eta trabatuta han-hemen, ez aurrera ez atzera, kaos antzeko kaosa. Nire jakin-minaz jakin gura nuke zer gertatuko zen Siberian Euskal Herritik fronte hotz bat heltzekotan.

Ez egin barre, mundu nahasion planeta honetan dena da posible! Bai, dena! Begira, politika instituzionalaren albistea Legebiltzarraren barruan ez baizik eta kanpoan izan da egunotan. Mataza berean izan dira lankideak, uniformez batak zibilez besteak, nahasian. Kolperik ez oraingoan Parlamentu atean, salbuespenez! Oihuka, pilotak eske, ez frontoira joateko prezisamente… Ez nau harritzen osasun arazoak izatea, botika horiekin! Hamaika ikusteko gara!