Maren MARKEZ
ZORROZTARRIA

M8ko olatua artikulugintzara ekar dezagun

Murgoitiok izkin honetan utzitako hutsunea betetzeko eskatu didate. Eta zeri buruz hitz egin, ez bada aurreko ostegunaren bestondoari buruz? Sekulakoak izan ziren hurrengo eguneko egunkariak, etxe honetatik hasita. Dotore jantzi zituen morez GARAk bere orriak. Hortxe ikusi genituen ere “Berria”-ren hutsuneak, eta Noticias taldeko portada ikusgarriak. Irentsi behar izan genuen ere “Diario de Navarra”-k M8aren logotipoaren ondoan jarritako barbie txikia. Ulertu al zuten hauek aurrean zeukatenaren esanahia?

Uholdea ez da iritsi, alabaina, Iritzi sailetara. Bai, irakurri genituen hemen Irati Jimenezek eta Itziar Zigak idatzitakoak. Baita Karmele Jaiok “Deia”-n edo Miren Amurizak “Berria”-n izkiriatutakoak ere. Baina ez naiz ari egunkari bakoitzak enkargatzen dituen kolaborazioei buruz. Horietan mantentzen da (beti hobetu daitekeen) hala moduzko oreka bat.

Beste bat da nire kezka: espontaneoki hiritarrek bidaltzen dituzten artikuluak eta zuzendariari eskutitzak. Zergatik dira gehienak gizonek idatziak? Enkarguzko zutabeak alde batera utzita, M8aren ondoren grebari buruz ikusi ditudan artikulu gehienak gizonezkoek idatziak izan dira. Nolatan?

Arrazoi bat izan daiteke mansplaining delakoa, gizonezkoek andrazkoei gauzak azaltzeko sasi-behar hori. Tira, fenomenoa existitzen dela ukatu gabe, nor naiz ni inori esateko artikulu gehiago ez idazteko? Gizon batzuen autoexijentzia maila igotzea ona litzateke, baina zaila egiten zait berdintasunari bidea ikustea ondokoari isiltzeko eskatuz. Bigarren arrazoi bat datorkit burura, erremedio errazagoarekin akaso. Izan ere, desoreka zehatz hau ikusteko bi modu daude: gizonek artikulu gehiegi bidaltzen dituzte, edo emakumeek gutxiegi. Ea ba osteguneko olatua egunkari guztietako iritzi orrietara ere iristen den emakumeek sinatutako artikuluekin.