Waltarik eta Gixandutek indartsu ekin diote Binakakoari
Waltarik eta Gixandutek garaipen eder batekin ekin diote Binakako Txapelketari, atzo Donibane Garaziko Garatenean Ospitali eta Lanberti 40 eta 24 irabazita.
Bazegoen Waltari ikusteko gogoa. Ez du ez Buruz Burukoa ez Superprestigioa jokatu, eta berak ongi zegoela zioen arren, bazeuden bere inguruan zalantza bat baino gehiago. Atzo horiek uxatzea lortu zuen. Kubakoa aurrean nagusitu zen, baina atzean erabateko nagusitasuna erakutsi zuen Gixandutek, partidako onena bihurtuta.
Neurketa ongi hasi zen Ospital eta Lanbertentzat, 0-2 jarri baitziren aurretik. Zazpinako berdinketara arte gauzak orekatuta joan ziren, baina gero Gixandutek atzean aginte makila hartu zuen eta aurrean Waltarik kintzeak ederki finitzen zituen, Ospitali inongo aukerarik eman gabe. Hala, garaipen erosoa lortu zuten.
Saketik 11 kintze egin zituen Waltarik, eta bakarra, Ospitalek. Jokoan irabazleek 18 tanto egin zituzten, eta 11 galdu. Galtzaileek 12 egin eta 11 galdu zituzten. 0-2, 2-2, 7-7, 12-9, 20-10, 28-13, 32-15, 35-19 eta 40-24 izan zen markagailuko mugimendua. Partidak 68 minutu iraun zuen.
Bigarren Mailako norgehiagokan Agirre eta Luku izan ziren irabazleak, 40 eta 33 hartu baitzituzten mendean Monze eta Lazkano.