Ariane KAMIO
DONOSTIA

Erdaraz (eta dohainik), eskerrik asko

Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohiturak aztertu ditu Elkar fundazioak Siadeco ikerketa elkartearekin. Datuak esanguratsuak dira; euskaldunon gehiengoak ez du euskarazko libururik kontsumitzen, euskaraz irakurtzeko erraztasunik eza argudio nagusi izanda. Musikan, kontsumo digitala eta doakoa da nagusi 16 eta 25 urte bitarteko gazteengan. Etorkizunak ez du joera aldatzeko zantzurik agertzen: kontsumitu ordaindu gabe.

Euskal herritarrek ze kontsumo ohitura dituzte irakurketari eta musikari dagokienez? Galdera horren erantzunaren bila aritu dira Elkar fundazioa eta Siadeco ikerketa elkartea zazpi lurraldeetako 16 urtetik gorako 2.500 biztanleri –2,6 milioi biztanleko unibertsoaren baliokidea– galdeketa bat eginez. Ondorio nagusien artean, hizkuntza –hau da, euskara– baliabide bainoago horma zurrun dela euskaldunon artean. Eta ez da irakurzaletasun faltagatik. Ikertutako lagin osoa hartuz gero, datuek adierazten dute erdal zein euskal hiztunen ia %70ek baduela irakurtzeko ohitura. Irakurzaletasuna badago, beraz, baina euskarazko liburuetan datuek behera egiten dute. Euskaldunen erdiek ere (%42,4) ez dute euskarazko irakurketarik egiten. Horietatik %22,9 ohiko irakurleak dira, %19,4 noizbehinkakoak eta %57 ez dira irakurleak. Behartutako irakurketatik at geratzen diren irakurleak, hau da, euskarazko edukien kontsumoa aisialdian soilik egiten dutenak oraindik urriagoak dira; %34,4k irakurtzen dute euskaraz bere denbora librean.

Gaztelaniazko irakurketari erreparatuta, datuak bestelakoak dira. Euskal herritar orokorraren %68,1ek kontsumitzen ditu erdarazko liburuak –%55,6k ohikotasunez eta %12,5ek noizbehinka–.

Eta euskaldunongan zenbatekoa da erdarazko liburuen kontsumoa? Siadecoren datuek halaxe diote: Euskaldunon %62,9k irakurtzen ditugu erdal hizkuntzan egindako irakurketa produktuak –%44,4k ohikotasunez eta %18,5ek noizbehinka–.

Laburrean, hauxe da gertatzen dena: Euskal herritarren %11k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak: %6k ohikotasunez; %5ek noizbehinka. Bestalde, lau euskal herritarretik bakarra da euskalduna, baina herritar elebidunak hartuta ere, haien artean gutxiengoa da euskarazko liburuen irakurlea: %42. Eta aisialdiko irakurraldiei soilik erreparatuta, are txikiagoa da euskarazko liburuen kontsumoa gauzatzen duten herritar elebidunen kopurua. «Batzuek diote denbora gutxiago dutela irakurtzeko, baina hori ez da egia, denbora ez digute kendu, ez digute jaitsi, berbera da», adierazi zuen Elkar Fundazioko presidente Jose Mari Sorsek. Erdarazko tendentzia, aldiz, desberdina da; izan ere, 10 herritar elebidunetik 6 baino gehiago badira erdarazko liburuen irakurleak.

Digitala eta doan

Papera eta liburu digitala. «Agorero batzuek esan zuten papera desagertu egingo zela. Liburu digitala iritsi da, eta geratzeko etorri da, baina paperarekin elkarbizitzan geratzeko», azpimarratu zuen. Eta datuek esandakoa berresten dute. Bai euskarazko irakurketan, bai erdarazkoan, kontsumoaren gehiengoa paperean egiten da oraindik.

Musikan zeharo desberdina da egoera. Hamar euskal herritarretik seik egunero edo ia egunero entzuten du musika eta 16 eta 25 urte bitarteko gazteak dira gehien kontsumitzen dutenak (%91k diote egunero entzuteko ohitura duela). Joera beherantz doa, oro har, adinak gora egin ahala.

Kezka sortzeko moduko datuak diskoen erosketan edo musika eskuratzeko bideetan dauden. Hamar euskal herritarretik hiruk (%29,5) erosi dute azken urtean gutxienez disko bat. Ipar Euskal Herrian erosleen portzentajea handiagoa da: %51k adierazi dute azken urtean gutxienez disko bat erosi dutela. Euskarazko diskoei dagokienez, euskaldunen %30ek erantzun dute erosi dutela azken urtean; ez-euskaldunetan, %6k.

Alor digitalean, kontsumoa gorantz doa, baina erosketa ez. Lau herritarretik batek badu ohitura formatu digitaleko musika doan eskuratzeko; aldiz, soilik %6a da formatu digitaleko musika erosten duena. Adinak badu eragina horretan. 16 eta 25 urtekoen adin taldean, hirutik bik doan eskuratu dute formatu digitaleko musika. Gazteen gehiengoak musika asko entzuten du –egunero edo ia egunero–, baina ez du produktuagatik ordaintzen. Eta Siadecoren ikerketaren arabera, ohitura horiek indartu egingo dira datozen urteetan. Herritarren laurdenek adierazi dute formatu digitala gero eta gehiago erabiliko dutela eta %23k doan eskuratutako musikara joko duela gero eta gehiago. Gazteen kasuan, are gehiago: erdiek adierazi dute doan lortutako musika kontsumituko dutela gero eta gehiago.

Kanpainak

«Utziko didazue txiste bat egiten –esan zuen Sorsek–; gaur egungo gazteek ez dakite disko bat borobila, laukia edo hirukia den». Bere kezka nabarmen agertu zuen Elkar Fundazioko arduradunak: «Bada garaia, kultura ordaindu egin behar dela balioan jartzeko. Bizitzako edozein eremutan bezala, kulturan ere enpresak eta langileak daude, eta haien lanak ordaina behar du. Ez bagaude prest liburu, disko, zinema eta abarrengatik ordaintzeko, nor dedikatuko da kulturara? Nondik etorriko dira baliabideak sortzaileentzat eta kultura sistema osoarentzat?».

Euskararen posizionamendu sozialean aldaketaren beharra jarri zuen azpimarran eta, horretarako, instituzio eta erakunde publikoen laguntza eta ekintza galdegin zituen.