Jon LEUNDA
Berezkoak

Waltarik eta Gixandutek finalerdietarako txartela hartu nahi dute

Waltarik eta Gixandutek Berezkoen Binakako Txapelketako finalerdiak jokatzeko txartela ziurtatuta utzi nahi dute, gaur iluntzean Intxausperi eta Ducassouri irabazita. Oraingoz jokatutako bi partidak irabazita daude, eta gaur beste garaipen bat lortuko balute, txartela seguru izango lukete, inoren zain egon gabe.

Intxausperentzat eta Ducassourentzat lehiaketako bigarren neurketa izango da. Ducassouk beste astebete izan du osatzeko, eta bere lesioa gainditu ostean hobera jo beharko luke. Joan den astean itzuli zen berriro ere kantxetara, baina bere mailarik eman gabe. Gaur galduko balute, lehen fasea aurreneko hiruren artean amaitzea oso zaila izango lukete.

Partida Baionako Modernen jokatuko da, eta jaialdia 19.00etan hasiko da Bigarren Mailakoarekin. Bielle eta Palomes Monzeren eta Lazkanoren aurka arituko dira.

Bihar, Senperen, Larralde eta Iturbe Ospitalen eta Lanberten aurka arituko dira. Neurketa garrantzitsua da hau bi bikoteentzat, bietako inork ez baitu aurtengo Binakakoan garaipenik lortu, baina oraingoz egoera ezberdina dute batak eta besteak.

Larraldek eta Iturbek jadanik bi partida jokatu dituzte, eta hirugarren porrot batek ia finalerdietatik kanpo utziko lituzke, bai behintzat, zuzenean sailkatzetik. Ospitalek eta Lanbertek, berriz, partida bakarra jokatu dute. Txapelketa hasi aitzin biekin zegoen itxaropena, baina gauzak ez dituzte ongi hasi, jokatutako partidetan ere ez baitute itxura ona eman. Jaialdia 16.00etan hasiko da, Bigarren Mailako partidarekin. Laurent Lanbert-Migeltorena bikoa Agirre-Lukuren aurka arituko da.