Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ezohikoan dago bestelako geroa

Aspaldi ez dut Kataluniakoa zorroztarritik pasatu. Gaur bai, harriak eskatuta, neguaren gorrian leunduz joan da eta. Azken mugimenduek, mugimen- du izatekotan behintzat, buru-eskema ia guztiak apurtu dizkidate. Bai, onartu behar dut, horren arazo parte bat sikiera ez dago hango formazio politikoen nahasian (alderdiegi agertzen zaizkit, procès-a mugimenduan mantentzeko traba), nire eskemetan baino.

Zaharkituak geratu bide zaizkit eskemok, gaur egungo politika zer horretan ezohikoak diren kontuak ulertzeko ezinean. Taktika, estrategia, pertseberantzia, pazientzia, pragmatismo eraldatzailea… berritu behar ditudan kontzeptuok; aste santua baliatuko dut, burua gogoetaz zigortuta. Hortaz, estrategiaren argia ezinbestekoa da, batez ere bihar egin beharrekoa argitzeko… zer interes du etzidamu helburu duen estrategiak bihar tarteko helburu hartzen ez badu? Jakina, zailagoa da biharkoaz pentsatzea. Ama, ama! Testua garrantzi handikoa bada ere, are handiagoa testuingurua.

Hala ere, Kataluniako procès hori hain da ezohikoa, non horregatik hartzen dudan ikasgai, teoriaren irakasleentzat probokatzailea delako. Ezohikoak diren gauzetatik etorriko dira aldaketak, ohikeriak mantentzen baitu statu quoa. Ordua ordu bakar batean aldatzen da, baina aroa aldatzeko prozesuak behar dira. Prozesuak, ez prozesioak, hauek ohikoak dira eta.

Udaberriak ezohikoak ekarri ditu. Pentsiodunek plaza hartu dute, eta han-hemengo legebiltzarrak estutu egin dituzte. Kasik esan liteke geroa pentsiodunen eskuan dela gehiago gazteenean baino; testuinguruaren garrantzia. Uniformedunak ere kalera, txikia baina kalea, zibilez jantzita, hangoen zerbitzuan jarraitu nahi baina hemengoen soldatarekin. Ezohikoak, berez, aroa aldatzen joateko balio ez duen seinale. Begirada eta behatokia dira gakoak.