Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

(A)Berria nahiago!

Han eta hemen, prozesuek noiz edo noiz etenaldia hartzen dute, eta prozesioei kalea eman. Futbola ei da pausarik ez duena, partidaren zati bien artekoa ez bada behinik behin. Total, prozesuetara bueltatuta, ulertzekoa da etena, buruak denbora behar baitu, eta arnasgunea ere, prozesuok etengabean dakartzaten gorabeherei malgutasun sendoaz eusteko.

Eta bitartean, sasoikoa sasoiko, prozesioak nagusi, eta kristoak ere, kalean zein errepidean. Ama, ama! Hau kalbarioa! Hau gurutzea! Are gehiago Gaztelugatxeko sarbidean. Amen.

Hortaz, Aberri Eguna! Euskal lurrak Aberria eta igande santu Eguna hartzen dituztenentzat behintzat. Nork berea eta gehiengoak gehiengoarena. Total, formazio abertzaleak jardunean gaur, kalean mugi batak plazan geldi besteak. Pragmatismo mota bi elkarren aurrean, “abemariako” eta “a ver, a ver…” abertzaleen mugatzailea, eta ausartagoen eraldatzailea. Gaurkoan lelo “Gure etorkizuna, Gure aberria” eta “Euskal Herri berria jomugan.” Hau kolpea gero! Biek zein biek geroa gogoan, nahiz eta batzuek atzerako ispilura begira gidatzea duten gustukoen.

Tira, harira! Nire buruari behintzat Aberriarenak ez dio gauza handirik iradokitzen, Berriarenak ez bezala. Izan ere, nahiz eta hitzetan alde bakarra “A” izan, mamietan mundu desberdinak sentitzen ditugu, nik eta neure buruak.

Katalunia gogoan pasio astean. Europan zeharreko Katalunia guztiak gogoan, izan ere. Hainbeste espetxeratze agindu eta agindu oste, hasita nago hango tunelaren argia ikusten. Litekeena da president-a hautatzeko osoko bilkura kartzela bateko patioan egitea, berton hautagaiak eta quoruma egonda. Eta hauxe kolpea! Ikusiko ote dugu konstituzionalistek betiko epaileei baimena eskatzen espetxera sartu eta bilkuran parte hartzeko? Hamaika (TB) ikusteko gara! Amen.