Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Marren auskalokoa

Nazioarteko Diru Funtseko buru den andereak esana da egunotan Asiako nonbaiteko hitzaldiren batean, eguraldiaren bolada ona baliatuta garaia dela etxeko teilatua konpontzeko. Zur eta lur geratu nintzen, ekonomiaren egoeraz ari zela konturatu nintzen arte. Hortaz, ona zer den auskalo! Jainkoak berak baleki! Ona eta txarra bereizten dituen marra hain da subjektiboa, hain da espazioaren eta denboraren menpekoa. Egia eta gezurra bereizten dituen marra den bezalakoa. Kontuak atera! Garai hauetan egia dirudiena batzuetan gezur osoa da, eta besteetan horren erdia.

Tira! Zer esan eguraldiaz? Ekonomiaren zeruko eguraldia batzuentzat ona izateak ezinbestean dakar askorentzat egurraldia izatea, eta ez nago prezisamente euren herrialdeko basoak bertatik bertara kudeatzeko beharko luketen burujabetzaz; jasotzen duten egurraz nago, holakorik eskatu ez badute ere. Portzierto, zerua eta infernua bereizten dituen marra ere auskalokoa da. Egoera bera izan daiteke aldi berean zeru batzuentzat eta infernu besteentzat, su-iturritik zein distantziatara zauden. Diru Funtsak funtsik baleuka sikiera!

Tira eguraldiaren harira! Ekonomiarenean ez dakit, baina meteorologiaren eguraldian behinik behin ez da giro teilatua konpontzeko, itoginen ezean behintzat, nahikoa lan baitugu arroza ez itotzeko. Hortaz, errekak handi datoz egunotan, legelariek jarritako marrak gaindituz, gizakiei maileguan utzitako bazterrez berriro ere jabetu direla, berezko grazia jatorrean, idatzita ez dagoen natu r legeari jarraituz. Total, plastikoz bete dira erreka bazterrak, ozeanorako bidean zuhaitz adarrak pausaleku hartuta. Bizitzan balioa izan ez duten plastikoek ere hiltzean topatu dute egoteko arrazoiren bat, uren goiko marra markatzen dutela. Bai marka, gero! Ez da gutxi plastikozko mundu honetan.