Jon LEUNDA
Aizkora

Urrezko lehiaketa ari da unerik onenera iristen

Elvillarren jokatuko dute kanporaketa sei aizkolarik bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera.

Elvillarren, Viña Laguardiako upeltegian jokatuko da Urrezko Aizkorako kanporaketa bihar, 12.00etan. Oraingoan ere sei izango dira lanean jardungo duten aizkolariak, bi multzotan banatuta. Bakoitzeko aurreneko biak bigarren fasera sailkatuko dira eta hor bateko lehen sailkatuak besteko bigarrenaren aurka jokatu beharko du, eta bi irabazleak joango dira hurrengo kanporaketara.

Asier Pellejero eta Oier Kañamares nafarrak, Jokin Alkizalete, Jexuxmari Mujika eta Aratz Mugertza gipuzkoarrak eta Juanillo Rodriguez segoviarra izango dira lanean arituko direnak.

Lehen fasean, hasteko 45 ontzakoa ebaki beharko dute erlojuz kontra eta ondoren etzanda jarritako 45 ontzakoa eta kana-erdikoa. Bigarren fasean, berriz, aurrena zutik jarritako 45 ontzakoa ebaki beharko dute, eta ondoren etzanda jarritako 45 ontzakoa eta kana-erdikoa.

Bertan izango da Urrezko Harri-jasotzaileen saioa ere. Oraingoan, Imanol Illarramendi eta Mikel Lopetegi arituko dira. Hasteko, batek 163 kiloko zilindro zaharra erabili beharko du hiru minutuko txandan. Gero, besteak 113ko kubikoa denbora berdinean, eta azkenik txanda librean, eta lau minutuan, 100 kiloko bola.

Apustua

Apustuak modan daude, eta gaurkorako ere ikusmin handia dago. Hernaniko Jauregi jatetxeko kanpoaldean jokatuko da, 18.00etan. Roxario Pikabea eta Jon Arizmendi neurtuko dira. Aurrena, lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko ebaki beharko dituzte eta ondoren korrikan 7 kilometro egin beharko dituzte, han jarrita egongo den 100 metroko eraztunean, zezen-plaza batean bezalaxe.

«Hiru bat urte daramat aizkoran. Lehen futbolean jokatzen nuen, baina behin utzitakoan hasi nintzen honetan, nahiz eta beti gustatu izan zaidan. Berak bota zidan desafioa, eta aukera bat ikusi nuen. Zer-nolako lana egin eta hartu pentsatzeko behar izan nuen denbora, baina aurrera», esan du Arizmendik.

«Gure aldetik sortu zen desafioa. Aurrena jaialdi bat egin nahi genuen, eta amaieran apustuan geratu da. Aizkoran beti ibili izan naiz, eta korrikan ere bai. Aizkoran beti zerbait, baina oso zalea naiz», dio, berriz, Pikabeak. Arizmendik garbi dauka irabazteko zer egin behar duen. «Aizkoran atera behar diot aldea, hori oso garbi daukat. Hor ez badiot alderik ateratzen, korrikan bera ni baino gehiago da», azaldu du Arizmendik.

Pikabeak ere gauzak garbi ditu. «Bera ni baino askoz ere gazteagoa da, eta berari eutsi egin behar diot, itsutu gabe, bestela amaieran ordaindu dezaket», dio. Biek apustu honetarako kezka bakarra daukate eta hori etxean egiten dutena ez egitea da. Alde bakoitzak 400 euro jokatzen ditu dirutan, eta sarrerak 10 euroan egongo dira.

Nafarroakoek badituzte datak

Nafarroako aizkolarien txapelketek badituzte datak eta jokatzeko lekuak, nahiz eta oraindik pare bat falta diren ixteko. Lehen Mailako finala Donezteben izango da azaroaren 16an. Egun horretan bertan urteko feria ospatzen da, eta egun handia izaten da. Askotan izaten dira maila nagusiko finalak bertan, eta aurtengoan ere bai. Oraindik zehazteko dagoena kanporaketa da.

Bigarren Mailakoan, alderantzizkoa gertatzen da; izan ere, kanporaketa abuztuaren 17an jokatuko da Arantzan, baina finala jokatzeko lekua eta data falta dira, nahiz eta segur aski laster argituko den non eta noiz izango diren bai Lehen Mailako kanporaketa eta bai Bigarreneko final hau.

Hirugarren Mailakoak bai, honek denak zehaztuta eta finkatuta daude. Kanporaketa Iruñean jokatuko da uztailaren 11n, eta abuztuaren 17an, azkeneko urte hauetan bezalaxe, Ezkurran jokatuko da final nagusia. J.L.