14 MAY. 2018 Aizkora Atutxak finalean sartzeko lehen aukera galdu egin du Iker Vicente eta Mikel Larrañaga izan dira sailkatzen lehenengoak. Jon LEUNDA Aitzol Atutxak, Urrezko Aizkorako azken urte hauetako txapeldunak, aurtengo finalean izan nahi baldin badu, beste kanporaketa bat irabazi beharko du, lehenengo aukera galdu egin baitu. Oraingoz, Mikel Larrañaga eta Iker Vicente daude sailkatuta, eta hirugarrena hurrengo astean Atutxak eta Mugertza II.ak jokatuko duten kanporaketatik aterako da. Ezustea Leitzan eman zen, han Mikel Larrañagak mendean hartu baitzuen Aitzol Atutxa eta ongi, gainera. Bi finalerdietan lau aizkolari izan ziren lanean. Leitzakoan, lehen fasean, Atutxak Rekondori irabazi egin zion, baina ehuneneko gutxi batzugatik izan zen. Bestean, Larretxea menderatu zuen Larrañagak, 24 segundogatik. Bigarren fasean, irabazlea besteko galtzailearekin neurtu zen. Larrañagak 17 segundoko abantaila atera zion Rekondori, eta Atutxak 25 segundokoa Larretxeari. Ondorioz, finalean Atutxa eta Larrañaga lehiatu ziren. Aurrena zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki zituzten eta hor azpeitiarrak minutu eta 15 segundo kendu zizkion. Ondoren bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituzten, eta Larrañagak minutu eta 32 segundoko aldea atera zion. Azpeitiarrak 10 minutu eta 17 segundoan burutu zituen lanak, eta Atutxak 13 minutu eta 4 segundoan. Berrizen ez zen ezusterik izan, eta Iker Vicente izan zen sailkatzea lortu zuena. Lehen fasean, Mugertzak 32 segundo atera zizkion Otaegiri, eta Vicentek, berriz, 41 atera zizkion Otañori. Hemen ere bigarren fasean bi irabazleak bi galtzaileekin gurutzatu egin ziren, eta Ugaitz Mugertzak irabazi egin zion Eneko Otañori. Mutrikuarrak 25 segundoko tartea kendu zion Beizamakoari. Beste kanporaketan, Vicentek 56 segundoko aldea atera zion Otaegiri. Ondorioz, Iker Vicente eta Ugaitz Mugertza izan ziren finala jokatu behar izan zutenak. Hasteko, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zuten, eta hor Vicentek 25 segundo atera zizkion Mugertzari. Bigarren eta azken lanean, bakoitzak bi 60 ontzako moztu behar izan zituen, eta Otsagabikoak 31 segundo atera zizkion Mutrikukoari. Lan guztiak 9 minutu eta 39 segundoan burutu zituen Vicentek eta 10 minutu eta 35 segundoan Mugertzak. Ondorioz, Iker Vicente zuzenean sailkatu da finalera, eta Ugaitz Mugertzak beste kanporaketa bat jokatu beharko du Aitzol Atutxaren aurka.