Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Aurreak erakutsi atzea

Hango aurrekontuak aurrera doaz, hemengoen kontuak kontu. “Aurre(kontu)ak erakusten du atze(kontu)a nola dantzatu” dio esaera zaharrak, gaurkotasun betekoa. Hortaz, kontuak atera! Atzekontuak dira hangoak, aurretik ere jakina zelako betikoen atzeak zer ekarriko, atzera ekarri ere, urtero legez. Amen! Kontuen aurretik hainbestetan “ez” esan, kontuen unean “sí” sinatzeko! Arrazoia ez zaie falta gero! Bi ezeztapen, berez, baieztapena delako! Hori sikiera ezin ukatu. “Ez ezetz da” aldarrikatzen da kalean esangura argiaz. “Ez baietz da” aldarrikatu moketako politikan, abusua eta erasoa desberdintzera iritsi gabe. Mon Dieu!

Tira, kontuen harira! “Estabilitatea” helburu eman ei dute baietza, hango estabilitateak hemengo egonkortasuna bermatuko duelakoan, eta kolpea gero! Kataluniakoa bera ere! Eta, esan ez badute ere, seguru Ipar Koreakoa ere! Amen eta amen, Jesusekin orain! Hortaz, 155 madarikatua desjabetu egingo ei dutela oso epe motzean, horra baietzaren arrazoietako bat. Ama, ama, profetak gero! Halako iragarleekin harritu egiten nau gaueroko “Eguraldia”-n lehendakari batek hiru asterako aurreikuspenak ez eskaintzeak, harritu.

Eta hara! Egun berean etorri dira Aurre-kontuak, han, eta Hitz-aurrea, hemen. Eta sukalde horietan perrexil bera, EAJ. Pentsatzen hasita nago kanonizazioa helburu duen alderdi horretan jelkideak eta jeltzaleak direla, lapikoaren araberako espezieak. Amen Jesus! Total, hitza jokoan, apustu berrien aroan. XXI. mendeko mitxelinak, tuneatuak. Hortaz, Sabel Etxeko sukaldean, “hango” hitzaren balioak barregarri uzten du “hemengo” hitzarena. Estatus berriaren hitz-aurreak aurre-kontu argia behar du, zera: hiztegi argia! Zertaz ari gara honetaz edo hartaz ari garenean. Hots, Nork-Nori-Zer-Zelan-Noiz-Zertarako. Horixe argitu ezean hitzontziak nagusi, pulpitutik.