GARA
DONOSTIA

«Black is Beltza» bertsio berrituan ikusgai San Telmo Museoan

Fermin Muguruzaren eta Bilboko Alondegiaren proiektua da «Black is Beltza», musikari eta zinemagileak Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete ilustratzailearekin batera sortutako eleberri grafikoa oinarri. 2014an ikusgai egon zen Bizkaiko hiriburuan eta orain Donostiara iritsi da, San Telmo Museora. Izaera eraberrituz inauguratu zen atzo, irailean aurkeztuko den animazio filmerako erabilitako edukiekin hornitu baita.

San Telmo Museoak “Black is Beltza” erakusketa hartuko du irailaren 30era bitarte, Fermin Muguruzaren eta Bilboko Alondegiaren proiektua, artistak Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete ilustratzailearekin batera sortutako eleberri grafikoan oinarritutakoa. Erakusketa, ordea, erabat berrituta iritsi da San Telmoko Laborategira: irailean aurkeztuko den animazio filmerako erabilitako edukiekin hornitu dute. Dohainik ikusi ahal izango dira istorio hori eraikitzeko erabilitako materiala eta bere irudi adierazgarrienak.

Proiektu horrek 1965eko New Yorkeko Erakusketa Unibertsalean Iruñeko erraldoiek eduki zuten presentzia du abiapuntu bezala. “Black is Beltza”-k musika, maitasuna eta iraultza nahasten dituen akzio eta espioitza istorioa eraikitzen du.

Egitasmo honen ernamuinean Muguruzak prentsan ikusitako irudi bat dago. «New Yorken 1965ean ateratako argazki bat, hain zuzen ere. Argazkian, Iruñeko erraldoien konpartsa agertzen da, San Fermin jaien ohiko irudia, New Yorkeko 5. Hiribidetik desfilatzen. Arrazagatiko istiluak zirela eta, erraldoi beltzen parte hartzea debekatu zela aipatzen zen argazki oinean. Hori irakurtzean istorioa hemen zegoela jakin nuen».

Gertaera hori abiapuntutzat hartuta, Muguruzak Manex Unanueren kontakizuna eraiki zuen. Gazte ipar euskal herritar horren begiradatik 1960ko hamarkadaren erdialde aztoratua markatuko zuten gertakizunetako asko kontatzen dira: Malcolm X hil ondorengo arrazagatiko liskarrak; jada mito bilakatu den The Factory inguratzen zuten pertsonaien eszentrikotasuna; kubatar Division de Inteligencia zerbitzu sekretuen eta AEBetako Black Panthers-en arteko aliantzak; garaiko musika jaialdietan psikodelia proto-hippyak eduki zuen eragina; Gerra Hotzaren garaian alde ezberdinetako espioitzen interes jokoak; Che Guevararen izpiritua Kongon, Aljerian eta honen heriotza Bolivian; eta bukatzeko, backyard-a: Francoren diktadura grisa.

Finean, Manexena, errealitatea eta fikzioa uztartzen dituen intrigazko istorioa da; maitasunaz, erreboluzioaz eta espioitzaz hitz egiten duena. Betiere, era grafikoan azaleratu eta garaian kokatzen gaituen soinu bandaz lagunduta.

San Telmo Museoan ikus daitekeen erakusketak ikusleak Manexen abenturarekin batera bidaia egitera gonbidatzen ditu, protagonista orain dela 50 urte egon zen herri desberdinetako tokiak ibiliz. Erakusketak, zuzenean edo zeharka, proiektuaren fase desberdinak elikatu dituen materiala biltzen du: egileari narrazioa egituratzen lagundu dioten prentsa artikuluak eta animaziozko filma egiteko erabili den materiala; baita garaiko egoera soziopolitiko eta kulturala islatzen duen ikus-entzunezko materiala ere.