Nerea GOTI
INDARKERIA SEXISTAREN TRATAERA KOMUNIKABIDEETAN

HITZEK ZERESAN HANDIA DUTE

BOST EGUNKARITAN INDARKERIA MATXISTAK IZAN DUEN TRATAERAREN AZTERKETA MAHAI GAINEAN IPINITA, MUGARIK GABE ERAKUNDEAK ETA «PIKARA MAGAZINE» AGERKARIAK SOLASALDIA EGIN ZUTEN ATZO KAZETARIEKIN, EGUNEROKOAN TRATAERA PERIODISTIKOAN ZER DAGOEN AZALDU ETA AURRERA EGITEKO ZER EGIN DAITEKEEN PARTEKATZEKO.

Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak idatzizko bost egunkari (“El Correo”, “Deia”, “Berria”, “Gara” eta “Diario de Noticias de Navarra”) aztertu zituen bost hilabetetan zehar, arreta berezia jarrita indarkeria matxistaren trataeran, baita erakundeen eta alderdien mezuetan ere.

Atzo, ikerketa horren emaitzak aurkeztu zituzten Bilbon, informazioa emateko eta komunikabideen barrutik informazioa jasotzeko ariketa bikoitz batean, kazetarien ahotik egunerokoaren eta informazioaren kudeaketan gauzak zelan dauden aztertzeko asmoz, “Pikara Magazine” agerkari feministaren parte hartzearekin.

Ikerketaren ondorioen artean azaldu zuten, besteak beste, emakumeak egotzi ohi zaizkien roletatik kanpo ikusarazten dituzten informazioak albiste eta erreportajeen %53 izan zirela zenbait mediotan; hedabide batzuetan indarkeria matxista soil-soilik indarkeria sexista, hilketak... gertatzen direnean aipatzen dela, eta orokorrean, oso gutxitan erabiltzen dela feminizidio hitza.

Ikusi dute, bestalde, gehienetan polizia iturrietatik osatzen dela informazioa, eta erasotzailearen inguruari (kasuren batean) protagonismoa ematen zaiolarik, haren justifikazioa eta biktimaren erruduntzea bultza dezaketela mezu horiek.

Deigarria egin zaie oso hedatuta dagoen bullying-aren kasuan, oso gutxitan sakontzen dela horren zergatietan, horien atzean sarri lesbofobia edota transfobia gisako erasoak badaude ere. Zehaztu zuten ez dutela ikusi «ahots propioa edo aparteko enfasia» duen alderdirik, eta nabarmendu zuten erakundeen diskurtsoetan ez direla egiturazko kausak aipatzen.

Informazio emaileei ahotsa emanda, errealitate oso ezberdinak, arlo komunikatibo diferenteak eta oso politika ezberdinak azaleratu ziren. Komunean, indarkeria matxistaren trataera informatiboan praktika onetan sakontzeko behar eta nahia, indarkeria matxista guztien aurkako borrokan aurrera egiteko.