GARA
Bizkaia

Diputazioak eta klubek nesketan F11 modalitatea abian jartzea erabaki dute

Bizkaiko Aldundiak 2018-2019 denboraldi honetarako bi txapelketa egitea proposatu du, udazkenekoa eta udaberrikoa, honako ezaugarri hauekin: udazkeneko txapelketa urria eta urtarrila artean jokatuko litzateke Futbol7 eta F9 modalitateetan; bestetik, udaberriko txapelketa otsaila eta maiatza artean jokatuko litzateke eta neskek F7 eta F11 modalitateetan jokatuko lukete eta, nahi duten taldeek, F9 modalitatean.

Aldundiak eta futbol klub bizkaitarrek bilerak egin dituzte azken aste hauetan nesketan F11 modalitatean jarduteko kluben eskabide batzuk aztertzeko. Erakundeak eskaera hori aztertu du, denboraldi honetan erantzun egokia eman ahal izateko. Bilera horietara deitu zituzten nesken futbolean kategoria infantilean dabiltzan erakundeak eta ondorio moduan ikusi zen kirol erakunde horien borondatea dela berariaz emakumezkoei zuzendutako lehiaketetan parte hartzea eta parte hartzen duten neskentzat egokiena aukera hori edukitzea dela uste dutela.

Topaketa horien beste ondorio baten arabera antzematen da Bizkaian dauden taldeen kopuruaren eta tipologiaren arabera oso zaila dela talde horiek guztiek dituzten interesei eta beharrizanei zehatz-mehatz erantzutea txapelketen antolakuntzari dagokionez. Parte hartzen duten taldeen sentsibilitate, beharrizan eta interes guztiei erantzun ahalik eta ego- kiena eman ahal izateko helburuarekin egin du Aldundiak bere proposamena.

Gainera, erakundeak azterlan bat egingo du nesken futbolean ari diren kirol talde guztiekin; azterlan horrek Bizkaian futbolaren garapenean, hazkuntzan eta finkapenean eragina duten faktore guztiei buruzko informazioa jasoko da, informazio horren iturri nagusi moduan egunero arloan lan egiten duten pertsonak eta erakundeak hartuta. Azterlana, datorren urteko Aste Santuan, hausnarketa jardunaldi baten abiaburua izango da eta bere amaierako xedea Bizkairako eredu bat adostea izango da.