15 DIC. 2018 poesía Basapiztia menperatzea Alex URIARTE Poesia basapiztia zorrotza da oso: ez da erraza datu zein zifrei euren alderdi poetikoa edo magikoa ateratzea; ez da erraza bizitza aristoteliko batek dramatik edo ilusiotik zenbat edaten duen argitzea; ez da erraza inguruko gauza txikiei haien xarma ezkutua biluztea. Poetak zailtasun goren horrexegatik maite ditugula esango nuke: erreparatzea –eta maitatzea– ahazten zaizkigun gauzak lehen lerrora dakartzatelako etengabe. Idurre Eskisabelek, nik uste, ez zekien barnean poeta bat ostenduta zuenik, eta ez da harritzekoa. Izan ere, bizi osoan kazetari edo irakasle ibiltzeak gauza ugari argi, zehatz eta, akaso, enpirikoegi ikustea dakar, eta ontzat ematen ditugunak, berriz, lar ontzat ematea. “Goseak janak” xalotasunaren edo inozentziaren galera da eta barruko olerkigilearen (bir)agerpena, bizitza bere osotasunean irentsi behar zuenarena, inguruko oro bete-betean bizitzeko gosea zuen norbanakoarena. Nire iritziz, Eskisabelen asebetetasunaren lana da hau, barne-bakearena. Ni-a eta gorputza, horiexek dira obra hau ibilarazten duten bi ardatzak, nire aburuz. Ni-a, sarri gertatu ez bezala, beste pertsonekin harremanetan dago une oro. Lana lehen pertsonan idatzia egoteak, hortaz, ez du esan gura agertzen doazen pertsonen edo elementuen eragina gutxiesten denik. Gorputzaren aferari helduta, emakume baten gorputzaz gabiltza, olerkien izaera fisiko edo ukigarrien zantzu. Lehen aipaturiko inozentziaren galerak, hain zuzen, badu nolabaiteko lotura liburuaren prozesu edo bilakabide senarekin: lau ataletan errotua dago –Bezpera, Hemen naukazue, Beila eta Goiza– eta bakoitzean emakumetzen eta heltzen doan pertsona dakusagu, narratibarako kutsu iheskor batez. Egia esan, poesia monofonikoa izan ohi da askotan, hots, norbanakoa da hasiera nahiz xedea, eta norbanakotzat dugunaren barruan gorputza ere badagoenez, Eskisabelek gorputza bera darabil pisuzko elementu legez: bere fase biologikoak deskribatzen ditu –listua, sexua, botaka egitea eta, nola ez, gosea– eta berarekin lotutako izenburuak jarri olerkiei –Gorpu, Ahots, Tatuajea...–. Gorputz horren egitekoa, horrenbestez, heltzea, eraldatzea eta erlazionatzea da: “Bezpera”-ko bakartasunetik “Hemen naukazue” dioen besteengana irekitako gorputzera eta, halaber, pertsonaiekin hamaikatxo harreman dituela erakusten duen “Entzun” poemara. Alor teknikoei dagokienez, Eskisabelek estilo jasoa eta dotorea darabil inondik inora: forma aldetik produktu luze samarra da –82 orri–, baina banaketak modu zinez argitsuan daude eginak, irakurleari lanean interesatuta aurrera egiteko arrazoiak emanaz. Bertso-lerroak ebakitzeko tenorean, denetariko estrategiak baliatzen ditu: batetik, lerro labur eta zuzenak lortzeko ebakitze zehatzak darabiltza; bestetik, bertso-lerro geldo eta luzeagoen alde ere egiten du, aditzekin atzerakargak eginez eta irakurketaren tempoa mantsotuz. Argi dagoena zera da, faktore estetikoa ez dela premisarik garrantzizkoena Eskisabelentzat, poemek euren abiadurarekin, indarrarekin zein pisuarekin transmititzen dutena baizik. Horrek zera ahalbidetzen dio, bederen: betelan gutxi izatea eta bertso-lerro edo pasarte bakoitzari merezi duen esangura ematea. Identitatea, gizarteko mugak edo gizartearen eta gizabanakoaren arteko dialektika hizpide dituenean, baliabide estilistiko nahiz erretoriko gutxi erabiltzea erabakitzen du, esan beharrekoa soberako neurtitzik gabe eta ahal bezain zuzenen adierazteko. Idurre Eskisabelek, beharbada, berandu samar erabaki du poetaren inozentziari edo barruan gotortutako sortzaile ezkutuari aurre egitea; hori bai, hain zorrotz, estu eta zurrun hartzen zaituen basapiztiari kontra egiteko gai izan baldin bada, seguru etorkizunera begira gauza interesgarriak utziko dizkigula. Bien bitartean, bertso-lerro hauek izan bitez poetaren lehen garaipenaren ikur. Hala bedi.