GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Ospital eta Ducassou finalerdietara sailkatu dira Garazin


Era oso desberdinean, baina Ospitalek eta Battitta Ducassouk Donibane Garaziko Superprestigioko finalerdietarako txartela lortu zuten atzo, hurrenez hurren, Mikel Gonzalez eta Monceri irabazita.

Mathieu Ospitalek oso erraz gainditu zuen Mikel Gonzalez bizkaitarra, 40-11, gorabehera handirik gabeko partida batean eta Peio Larralderen aurka borrokatuko da finalean leku bat lortzeko, hurrengo igandean, hilak 23.

Iazko txapeldun Battita Ducassouri, ostera, ikaragarri kostatu zitzaion Antton Monceren aurkako final laurdenetako partida aurrera ateratzea. 5-0 aurreratu zen Bordelen jaiotako aurrelaria eta hamalaunako berdinketa izan zen partidako lehena. Handik aurrera faboritoak hartu zuen aurrea markagailuan eta azkenean 40-33 nagusitu zen partida gogor eta estu batean.

Zesta desafioa

Buruz buruko txapelketaz gain, binakako desafio ikusgarri bat ere jokatuko da Gabon hauetan Euskal Herriko bi frontoirik garrantzitsuenetan, Gernikako Jai Alai-en (abenduak 22) eta Donibane Lohizuneko Campos Berrin (abenduak 27). Goikoetxea-Irastorza Egiguren-Lopezen aurka arituko dira bi partidetan.