Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

Denboraldiaren pareko amaiera desiragarria bistan

Realarekin debutatu zuenetik bost urte bete direnean, Nahikari Garciak Munduko Txapelketa gertu dauka.

2013ko urtarrilaren 3an fitxatu zuen Realak Nahikari Garcia. Bi egunera, Unai Gazpiok hasierako hamaikakoan sartu zuen eta 16 urteko erasotzaileak kamiseta txuri-urdina estreinatu zuen Levanteren aurkako 90 minutuak jokatuz. Joan den larunbatean bete ziren bost urte debutatu zuenetik eta Zubietan argazkia antzekoa bai, baina berdin-berdina ez da izan: kapitainaren besokoa soinean, urnietarrak Lehen Mailan 75. gola sartuz zabaldu zion bidea bere taldearen garaipenari.

Ospakizun ezin hobea, «batez ere, irabazteko beharra geneukalako», azpimarratu du. «Bolada txarra izan dugu, baina azken bi partidak oso onak izan dira. Emaitzengatik eta denboraldi hasierako sentsazioak berreskuratu ditugulako». Egutegia zertxobait moteltzen dela aprobetxatuz, une egokia da berriro abiada hartzeko. «Abiada eta konfiantza –dio Nahikarik–, gero gauza biak eskertuko baititugu». Eta lehen erronka hori gaindituz gero, erregulartasunarena helduko da, Realari azken urteotan hainbeste kostatzen ari zaiona. Taldearen gaztetasuna litzateke arrazoi nagusietako bat, aurrelariaren ustetan. «Horrek alde onak dauzka, baina momentu txarretan beteranotasun puntu bat falta izan zaigula uste dut. Gure eginbeharra ikastea da, bigarren itzuli honetan akatsak ez errepikatzeko».

Lehiaketa-mailan, helburua bikoitza da. Koparen sariagatik borrokatu behar ez duen arren, txapelketaren berrantolaketaren ondorioz, «aurreko urteko postua hobetzea beti da helburu bat». Eta Koparen formatu berria bera dela eta, lehiaketaren erakargarritasuna handitu da. «Ilusio handia egiten digu Kopak –onartu du Nahikarik–. Ondo hasi ginen, Valentzian irabaziz eta orain beste partida polit bat daukagu. Erraza ez da izango, izan ere Rayo niretzat Ligako ‘talde errebelazioa’ izaten ari da. Baina etxean izango da eta horrek lagundu behar digu. Ilusio handia dugu etxekoekin Valentzian egin genuen bezala disfrutatzeko eta aurrera egiteko gogoarekin».

Kopa ez da, halere, 2019 honetan Realeko kapitainari ilusioa pizten dion lehia bakarra. Ekainean Mundu Txapelketa jokatuko da eta azken hilabeteotan Jorge Vildaren deialdietan lekua lortu duen Nahikariren helburua argi dago. «Noski, horretarako egiten ari naiz lan», dio.

Espainiako behe mailetako selekzio guztietatik igaro ondoren, gipuzkoarrak abuztuan debutatu zuen lehen taldearekin: partida ofizialean –Mundu Txapelketaren sailkapen fasekoa, Finlandiaren aurka– eta gola sartuz. «Jokatzea bakarrik denbora askoan izandako ametsa nuen –aitortu du Nahikarik–. Gainera gola sartuta... zer esan. Ilusio handia egin zidan eta asko gozatu nuen. Eta orain lanean dihardut hor mantentzeko, Frantzian egoteko aukera, munduko talde eta jokalari onenekin batera aritzeko aukera, futbolari batek izan dezakeen amets handienetakoa da».

Kapitaintzatik Frantziara

Ustekaberik ez badago, urnietarrak –Mariasun Quiñones taldekidearekin eta Irene Paredesekin batera– amets hori beteko du. Amaiera ezin egokiagoa, denboraldi ikusgarri batentzat: Realaren kapitaintza, Paris Saint Germainen eskaintza, golak, Koparen ilusioa eta ginga Munduko Txapelketa izan daiteke. «Oso gauza politak iritsi zaizkit, ezin naiz kexatu. Talde gaztea gara eta pauso bat aurrera eman behar izan nuen kapitaintzarekin eta oso gustura, gainera. Gero selekzioarena, aspalditik horretarako lanean nenbilela... Oso-oso ondo doa denboraldia eta orain jarraitzea espero dut, taldearekin gauza politak lortzea eta nik neuk jarraitu lanean, ikasten, borrokan, hobetzen... azken finean, hori baita sariak lortzeko bide bakarra».

Amestutako sariak. 2013 hartan erasotzaile txuri-urdinak ez zuelako espero bost urte beranduago horrela egotea; bai, berriz, «amestu. Amestu asko egiten dugu. Baina egia da ez nuela espero. Oso azkar pasa dira bost urte hauek, oso ondo gogoratzen dut debutatu nuen eguna eta zaila egiten zait hainbeste denbora pasa dela pentsatzea eta zenbat gauza lortu ditudan, zenbat jende ezagutu dudan eta zenbat ikasi dudan eurekin; azkenean hori baita politena, une hauek guztiak zurekin konpartitzen dituen jendea».

Hurrengo bost urteei begira ere baditu ametsak Nahikarik. Nahiago du horiek beretzat gorde, baina behintzat «pauso gehiago aurrera ematea espero» duela aitortzen du. «Hobetu, ikasi... Eta ametsak, amets handiak eduki behar dira, baina auskalo zer gertatuko den. Futbolak buelta asko ematen ditu. Denborak esango du».

Laburrean

Jardunaldia. Igandean jokatuko dituzte Athleticek eta Realak 17. jardunaldiko norgehiagokak. Zuri-gorriek Sportingen bisita hartuko dute Lezaman (11.30) eta talde donostiarrak Malagan (11.00) jokatuko du.

Golak. Charlyn Corral (Levante) da Lehen Mailako golegile nagusia, 13 golekin. Alba Redondok (Fundacion Albacate) 11 sartu ditu eta Nahikari Garciak (Reala), 10.

Bartzelona. Ekaitza, talde gorri-urdinean. Igandean Espanyolekin berdindu zuen, Atleticotik hiru puntura kokatuz –eta hiru beherago dagoen Levanteren aurka jokatuko du datorren larunbatean– eta atzo klubak Fran Sanchez entrenatzailea kargugabetu zuen. Berarekin staffean lan egin zuen Lluis Cortesek gidatuko du taldea hemendik aurrera.

Fitxaketak. Neguko merkatua pil-pilean dago. Huelvako Sporting eta Fundacion Albacete dira, momentuz, talde gogotsuenak. Andaluziarrek Raquel Fernandes eta gola sartuz debutatu zuen Ludmila Barbosa erasotzaile brasildarrak fitxatu eta Geraldine Leytonen eta Barbara Santibañezen kontratuak deuseztatu ditu. Mantxako taldeak, bere aldetik, Laura Ariza eta Rebeca Herrera hegalekoak eta Eva Vamberger atezaina fitxatu ditu. Nadya Karpova, azkenik, Sevillara joan da Valentzia utzita.

Sariak. Laugarrenez jarraian, Pernille Harder Urteko Futbolari izendatu dute Danimarkan. Norvegian, nola ez, Ada Hegerbergek eskuratu du sari berbera.

Europa. Mugimendu ugari omen dago Europako ligetan ere. Talde eta izen ospetsuenei dagokienez, Bayernek Simone Boye Sorensen (Rosengard) fitxatu du, Arsenalek Katrin Veje (Montpellier), Chelseak Ann-Katrin Berger (Birmingham) eta PSG-k Nadia Nadim (City).

NWSL. Udaberriarekin batera hasiko den denboraldiak lehen pauso emango du bihar, Draft unibertsitarioarekin. Fitxaketak ere ezagutzen ari dira. Vero Boquete, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetara itzuliko da, Utah Royalsekin jokatzeko.