Alex URIARTE
poesía

Barrena berotzea

Topikotzarra dirudi, baina ez da erraza hor kanpoko porlanezko oihanean bizirautea. Herri txikia gara; txikiaz gain, zurruna eta ahul samarra ere bai. Baina ez gaude isolatuta: ez gara urez inguraturiko lehorgunea. Kanpoko influentzia zorrotz horrek, izan ere, egundoko eragina du gugan. Aitor dezagun: gure literatura, gure gizartea bezala, mundua bahitu duen kapitalismo basatiari doi-doi egokitzen zaio. Denak izan behar du super, hiper edo mega. Ez du balio esfortzuak, argitaletxeak baino; ezta ere materiak, liburu-azalaren lodierak baizik; gutxi du balio nortasunak, marrazkietako xehetasunen aldean.

Horregatik, biziki miresten ditut ezer gutxirekin euren bidea urratzen duten egileak. Talde zapaldua dira, gure irlatxoko mastodonteen pean ostendurik. Isilpeko egile horietako bat Kepa Luzarraga da (Mundaka, 1993). Bere poesiazko lehen lanak (“Itotzeari beldurrez lehortu gara”) aspaldian urrun igartzen nuen poesia hurreratu dit.

Bizkaitarrak bere moldea egunerokotasunean ezartzen duela begitandu zait. Sarritan, poesia egiteko, ez da beharrezkoa urruneko munduetako distopia-egoeretara jotzea; oinarria ohikoari beste begirada bat ematean datza, eta horixe da Luzarragari gehien laudatzen diodana: txikikerien xarma zukutzea.

Bere poesia, nire aburuz, bere bizitoki Mundaka bezalakoa da: itsastarra izanagatik, mendia hurbil du eta kaleko bizimodutik ere edaten du. Habitat nagusiak itsasoa eta lehorra dira. Lehenak itoarazi egiten gaitu; bigarrenak, ostera, sikatu eragin. Dena dela, bien beharra dugu.

Azpimarratzekoa da mundakarraren olerkiei darien bizitasuna: haietako batzuek zeharkako irakurketen ateak zabal-zabalik uzten dituzte; beste hainbatek, ordea, hausnarketa sakonak iradokitzen dituzte: «Bizitzaren esanahia? / Esan nahia edo Ezina ekinez egina / ekintzaileen lema / leloen leloa».

Gainera, zenbait testutan berben soinuekin jolasten du, nolabaiteko “kakofonia poetiko” efektuak erdietsiz; kasurako, erlijioaren negozioa salatzen duen poeman otoitzetako “amen” hitza, ezin erakusgarriagoa den “hemen” berbagatik ordezkatzen du: «Aitaren, semearen eta espiritu santuaren izenean, / hemen, / zioen abadeak, / poltsa seinalatzen». Bikaina, zinez.

Obraren epizentroetako bat den itsasoaz mintzatuz gero, autorearen harekiko atxikidura sumatu liteke: uraren gorakadak ekaitzak dakartza eta haiekin ezegonkortasuna; marearen beherakadek, berriz, armonia. Olerkiek olatu edo uhin tankera dute: lana, poemaz poema, gora eta behera, harat-honat dabilen itsasaldia da; “Inkisizio modernoa” zein “Fedea eta arrazoia” moduko txute bizkorretatik “Askatasun garestia” nahiz “Gasolinaren negozioa” lako tempo geldodun zingiretara. Irakurketa-kadentziarekin eta erritmoekin jostatzea ere egile honen zigiluetako bat da.

Hasieran aipatutakoekin lotuko nuke iruzkin honen bukaera. Nire aburuz miresgarriak dira argitaletxeen mundua errefusatu eta beraien kasa honen moduko ekarpen distiratsu bat sortzeko gai diren sortzaileak. Finean, gutxi batzuek zortedun izateari ez die men egiten eta autogestioz eta duintasun osoz bidean aurrera doaz.

Luzarragak esan legez, «poeta izatea / hori zortea, / tristurak salduz, / aberastea». Erakuskeriaren kontrako hautua da kostatar gazte honen ekina. «Gure iraultza poemari jarraiki, maindireen barruan, / gure iraultzan, / mundua sutan jarriz, / edo gutxienez, / elkar berotuz». Txanpon-hotsen diktadurapean, bereziak dira barrua berotzen diguten antsiolitiko literarioak, domeka arratsetan goreneko apaletik hartu eta mantapean gotortzen ditugunak.