Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Vivian Maier, identitatea besteen begietan islatzen zuen argazkilaria

Identitatearen bilaketa eta norbait izatearen baieztapena; biak bilatzen zituen Vivian Maierrek argazki-kamera esku artean zuen aldiro. Erretratuetan trebatua, 50-70eko hamarkadetako New York eta Chicago zeharkatu zituen auzunez auzune, bera bezala norbait izatea amets zuten ertzetako biztanleen nortasunak irudietan bilduz. Bizirik zela izan ez zuen aitortza orain eskuratzen ari da Maier, eta Donostiako Tabakaleran bildu dituzte haren 135 argazki.

Beste hainbat bezala, historiak oin-puntetan pasarazi duen emakumea da Vivian Maier; bizibidea haurrak zainduz hala moduz ateratzen zuen argazkilari amateurra orain arte, New York eta Chicagoko gizartea inor gutxik bezala erretratatu zuen argazkilaria orain.

Azken urteetan bolo-bolo dabil Vivian Maierren izena, 2009. urtean biltegi batean haren negatibo kaxa zahar bat azaldu eta jatorri europarreko emakumearen ondarearen balioa nabarmetzen hasi zenetik. Ondare horren zati bat Donostian izango da hilabeteotan, urriaren 20ra bitartean “Vivian Maier. Argazkilari errebelatua” erakusketan hark ateratako 135 argazki ikusteko aukera izango baita –horietatik 33 Estatu espainolean erakutsi gabeak– Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean. Erakusketaren osagarri, argazkilariak filmatutako zenbait bideo labur ere ikusi ahalko dira.

Maier «aurkikuntza handia» izan da, erakusketaren komisario Anne Morin-en hitzetan. New Yorkera aurkitu ez zuen bizimodu hobearen bila joandako familia txiro bateko alaba zen Maier, 1926. urtean jaioa. Berak bost urte zituela egin zuen hanka aitak etxetik eta, Morinen arabera, horrek izan zuen bere izaeran eta gerora gizonezkoekin izango zituen harremanetan eraginik. Baita, bizimoduari eutsi ezinda Estatu frantsesaren –bertakoa zuen ama– eta AEBen artean ibili ostean, Jeanne Bertrand argazkilariaren etxean egindako egonaldiak ere: amak utzitako kamera batekin egin zituen lehen probak eta 1952an erosi zuen Maierrek bere lehen argazki-kamera, erretratuak bertatik bertara egitera derrigortzen zuen 35 mm.-ko Rolleiflexa. «Asko gerturatu behar izaten zuen erretratatu nahi zuen jendearengana –azaldu zuen Morinek, argazkilariaren itxurak eginez metro pare bateko distantziara dagoena erretratatzen ari dela irudikatuz– eta gerturatze horretan badago begirada truke bat, argazkietan igar daitekeena eta Maierren obraren bereizgarri dena».

Erdiguneetatik eta eremu komertzialetatik urrundu ohi zen Maier, bertan jendea presaka bizi zela eta bizitzarik ez zegoela iritzita, eta langile auzoetan paseatu ohi zuen, «bertan baitago bizitza, egunerokotasunaren teatroa». Hala, kalean topatzen zituen pertsonak ziren erretratatuak, periferiakoak, bera bezain anonimoak. «Identitaterik gabeko pertsonak ziren eta, argazki bat ateratzen zien aldiro, segundo zatitxo horretan, bestela eskuratzerik ez luketen eternitate bat eskaintzen zien», azaldu zuen Morinek.

Izan ere, Maierren obran leku berezia betetzen du identitateak. Morinek aipatu zuenez, parekotzat zituenak erretratatuz haien identitatearen markak bildu eta behin betiko gorde nahi izan zituen batetik, eta, bestetik, bere obran behin eta berriz agertzen diren autorretratuek bere buruaren bilaketa iradokitzen dute. «Identitatearen bilaketa konstante bat da bere obran. Nannya zen, emakumea, emigrantea eta klase sozial baxukoa, garaiko gizartearentzat ez zen existitzen. Irmotasuna eta jarraikortasuna erakutsi zituen eta autorretratuak egiten zituen bera hor egon zela erakusteko. ‘Munduan nire lekua aurkitzeko erretratatzen dut nire burua’, esaten zuen berak», azaldu zuen komisarioak.

Tabakaleran ikusgai jarri duten erakusketak sei atal ditu, eta lehen hirurek dituzte ardatz Maierren autorretratuak, kaleko jendeari ateratakoak eta espazio urbanoari egindakoak.

Chicago

New York utzita Chicagora joan zen Maier eta bertan ere haurtzain aritu zen. «Horrek paseatzen aritzeko eta, beraz, argazkiak ateratzeko aukera ematen zion. Denbora asko ematen zuen haurrekin eta bazuen haien mundua behatzeko modutik zerbait: denbora ez da existitzen beraientzat eta, haiek bezala, elementu gutxi batzuk aski zituen irudikatzeko, oharkabe pasatzen diren xehetasun txiki horietan jartzen zuen begia», esan zuen Morinek.

Hamazazpi urte eman zituen Maierrek Chicagon, Gensburg familiaren etxean haurtzain lanean. Logela eta komun pribatua zituen bertan eta hantxe ezarri zuen bere laborategia. Morinen hitzetan, funtsezkoa izan zen laborategi hori Maierrentzat, argazkiak nahierara errebela zitzakeelako eta, azaldu zuenez, zenbaitetan negatiboaren xehetasun batetik sortzen zuelako irudia. «Laborategia ere sormen espazioa da argazkilariarentzat», egin zuen ñabardura. Erakusketaren hirugarren atala osatzen dute Maierrek haurrei ateratako irudiek eta, kaleko irudietan bezalaxe, erretratatuaren eta erretratugilearen arteko lotura sumatzen da horietako bakoitzean.

Izeba frantses baten eskutik oinordetza jasota utzi zituen Maierrek AEBak: jasotako dirua xahutu behar zuela erabakita, bidaiatzeari ekin zion eta mundua zeharkatu zuen, Filipinak, India, Yemen, Ekialde Hurbila eta Europa hegoaldea ezagutu eta, azkenengoz, Estatu frantsesa bisitatzeko. Horren ostean, berriro itzuliko zen Chicagora.

Kolorea eta filmazioak

Bere ibilbidean zehar, 100.000 argazkitik gora atera zituen Maierrek, horietatik gehien-gehienak zuri-beltzean. Kolorerako jauzia egin zuen hala ere, 1965. urtean, Leica kamera baten eskutik. Harekin ateratako zenbait irudik osatzen dute erakusketaren hurrengo atala: «Ez dago kolorea justifikatua ez dagoen koloretako argazki bat bera ere Maierren obran», ziurtatu zuen komisarioak. «Musikalitatea, erritmoa, mugimendua... duten argazkiak dira, beharrizan zehatzak dituztenak. Eta Maierrek, amateurra zen arren, bazekien hori». Koloretako irudiotan ere gizartea erretratatzeko joerari eusten dio autoreak, pertsonak, une zehatz eta errepikaezinak dira protagonista.

Urte bertsuetan, 70eko hamarkadaren hondarrean, ekin zion Maierrek 8 eta 16 mm.-tan filmatzeari ere, eta erakusketaren osagarri filmazio horietako batzuk ere bildu dituzte.

Morinek zehaztu zuenez, hiru minutu inguru irauten duten filmazioak dira eta horietan argazkilariaren begiradaren funtzionamendua ezagutzeko parada du ikusleak: Maier bi kamerarekin joan ohi zen urte horietan, filmatzekoa eta argazkiak egitekoa, eta intereseko punturen bat identifikatzen zuenean filmatzekoarekin jarraitzen zuen, harik eta argazkian bildu nahi zuena topatzen zuen arte. «Bisitariek hor dute erronka, filmazio hauetako batzuk erakusketan dauden argazkiekin lotuta daudelako. Ea nork identifikatzen dituen», jarri zuen erronka Morinek.

Tabakalerako erakusketan 80ko hamarkadara arteko lanak ikus daitezke. 90ekoan ia guztiz utzi zion argazkiak egiteari Maierrek, «ez baitzuen dirurik izaten ateratzen zituen argazkiak errebelatzeko». Ezta horiek egoki mantentzeko ere: biltegi batean utzi zituen baina, alokairua ordaindu ezin zuenez, enkantean atera zituzten eta Chicagori buruzko liburu bat idazten ari zen John Maloofek erosi zituen, 300 euroren truke. Urteak igaro ziren eta argazkiak gainetik kentzeko nahiak horiek sarean saltzera eraman zuen Maloof. Allan Sekula argazki kritikaria izan zen materialaren balioaz jabetu eta Maloof ohartarazi zuena eta, horrekin batera, Maierren obra ezagutarazi zedin sustatuko zuena.

Azken urteetan, hainbat izan dira Maierrek gizarte estatubatuarra erretratatzeko egin zuen lanaren balioa nabarmendu dutenak. Maierrek, baina, ez zuen sekula bere lanaren onespenik jaso: 2009ko apirilaren 21ean hil zen, Chicagon, bere lana ezagutarazi baino bi urte lehenago.