Iker BIZKARGUENAGA
Bizkaia

HIRITIK HIRIBURURA, BARRITIK NAGUSIRA, GREBA ERREKA JAIO ETA ITSASO BIHURTU DA

NERBIOI IBAIAREN ARROA EUSKAL HERRIKO INDUSTRIAGUNE NAGUSIETAKOA DA, ETA GREBA OROKORRAK ERABAT ASTINDU ZUEN ATZO BERTAKO JARDUERA, LANTEGIETAN, HERRIETAN... ETA HIRIAN. HIRIA DELAKO GOITIK BEHERA ITXITA ESNATU ZEN URDUñA. BERTAKO KALEAK HUTSIK EGON ZIREN DEIALDIAREN ERAGINEZ. BILBOK, ORDEA, JENDETZA BILDU ZUEN, ITSASOA.

Gorobelen magalean dago Urduña, Bizkaiko udalerririk hegoaldekoena. Arabak eta Burgosek inguratzen dute eta Gaztelarako ate nagusia izan zen denbora luzean. Aduana ere izan zuen, XIX. mendean kostaldera eraman zuten arte. Mugaldeko izaera, beraz, oso sustraituta dauka. Atzo, ordea, grebaren bihotza hantxe zegoela ematen zuen, eragina ia erabatekoa izan baitzen hirian.

Hirian, bai. Urduña delako Bizkaian hiri titulua duen udalerri bakarra. Tamaina txikia eta kale estuak dituen hiria. Kale estuak, eta, atzo, kale hustuak. Kantarranasen, Artekalen, Donibanen, Kale Barrian..., hotsik ez zen entzuten, ia inortxo ere ez zegoelako. Bakan batzuk bakarrik, noraezean. Denda eta tabernetan, pertsianak jaitsita eta kartelak itsatsita: “Greban gaude!”. Txarlazo mendia da lekuko.

Goizean goizetik piketeak lanean ibili ziren, baina eguzkia berotzen hasi zenerako haien arrastorik ez zegoen. Beharrik ere ez, arrakasta ikusita.

Nerbioiren arroan

Ibaiaren bidea hartuko zuten, agian. Izan ere, Urduña, hegoaldekoa, mugaldekoa eta ibai bati lotuta dagoen hiria da. Nerbioi ibaia hor ondoan jaiotzen da, Delikan. Errekasto formarekin hasieran, baina iparraldera egin ahala itxuraldatu egiten da, eta Basaurin Ibaizabalekin lotzen denerako haren urek Euskal Herrian dagoen arrorik emankorrenetakoa sortzen dute. Industriala, lantegi askoren haztegia.

Ibaian behera, Aiarako Amurrion eta Laudion grebak erantzun oso zabala izan zuen, bai industriaguneetan –Inauxa, Tubacex, Megatech, Valvospain, Castinox eta halako enpresetan piketeek lana erruz egin zuten– bai herrietako saltokietan, Laudioko Eroski nagusian, adibidez.

Arroari jarraituz Bizkaira itzulita, Arakaldoko Udalean ez zuen inork lanik egin, alkateak sareetan iragarri zuenez, eta ondo-ondoan dagoen Arrankudiaga-Zollon ere greba giroa gailendu zen egun osoan. Antzera zebiltzan Ugaon, non goizean taberna bat eta saltoki bat bakarrik zeuden irekita. Marka!

Arakaldo, Arrankudiaga, Ugao, Arrigorriaga eta Basauriko grebalariek Bilborako bidea hartu zuten eguerdian. Urduñako batzuek ere bai, hitzordua Gasteizen zuten arren Nerbioiren xendrei jarraitzea nahiago izan zutelako. Baina ibaia Abusun itsasadar bihurtzen bada, Bizkaiko hiritik Bizkaiko hiriburura joan zirenek itsasoarekin topo egin zuten. Itsasoa zelako, itsasoa, Plaza Eliptikoan sortu zena.

Urduñako Kale Barria eta Bilboko Kale Nagusia, bata hustuta eta bestea gainezka. Grebaren bi irudi, biak, ezin indartsuagoak.