GARA
BILBO

OMEk AstraZenecaren txertoa erabiltzen jarraitzeko gomendatu du

AstraZeneca enpresa britaniarrak covid-19ari aurre egiteko garatutako txertoaren gainean polemika bizia piztu da azken egunetan, txertoa hartu eta gutxira zenbait lagunek osasun arazo larriak izan baitituzte, eta horietako batzuk hil egin direlako. Azkena, Marbellako 43 urteko emakume bat, iktus baten ondorioz hila, Osasun Ministerio espainolak azaldu duenez.

Testuinguru horretan, Europako Botiken Agentziak (EMA) eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) txertoaren gaineko ikerketa sakona egingo zutela iragarri zuten aste hasieran, eta, atzo, OMEk txertoa jartzen jarraitzeko gomendioa egin zuen, haren onurak izan litezkeen kalteak baino handiagoak direlako. Hedabideetara igorritako oharrean, Nazio Batuen agentziak aipatu zuen ohikoa dela txertoak jaso ostean pertsona batzuek osasun arazoren bat izatea, baina nabarmendu zuen «horrek ez duela esan nahi arazo horiek txertaketaren ondorioz sortu direnik». Gainera, OMEk gogora ekarri zuen auzi honetan atzeman diren tronbosi kasuak, hainbat herrialdetan txertaketa prozesua geldiaraztea eragin dutenak, «hirugarren arazo kardiobaskular ohikoenak» direla. Argudio horiek emanda, eta Europako zein munduko beste agentziekin elkarlanean ikertzen jarraitzen duela azpimarratu ondoren, txertaketarekin jarraitzeko gomendatu zuen.

Ildo berean, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek adierazi zuen «konfiantza» duela bai AstraZenecarengan bai Europako Botiken Agentziarengan, eta gaineratu zuen «zientzialariei zor zaien errespetuagatik» txertoaren inguruko datuak ikertzeko «behar duten denbora guztia» eman behar zaiela. Litekeena da EMAk gaur jakinaraztea AstraZenecaren txertoaren gaineko erabakia.

Boris Johnsonek jarriko du

Txertoaren gaineko inolako zalantzarik ez duena Britainia Handiko lehen ministro Boris Johnson da. Izan ere, Westminsterreko Parlamentuan adierazi zuenez, AstraZenecaren txertoa jarriko du koronabirusaren aurkako immunizazioa lortzeko.

AstraZeneca enpresa britainiarra izaki, Gobernu britainiarreko hainbat ordezkarik txertoaren segurtasuna aldarrikatu dute azken egunetan, Europar Batasuneko herrialde gehienek txertaketa prozesua behin-behinean eten egiten zutela ikusita. Bada, atzo Johnsonek berak egin zuen txertoaren alde. Bere iragarpenak, dena den, polemika txiki bat piztu zuten, britainiarrek ezin baitute aukeratu zein txerto jarri nahi duten, lehen ministroak adierazi zuen bezala.

Bestetik, polemikaz harago, Von der Leyenek iragarri zuen Europar Batasunak 360 milioi dosi jasoko dituela urteko bigarren hiruhilekoan, txertoa merkaturatzeko baimena jaso duten lau enpresen aldetik: Pfizer-BioNTech (200 milioi), Moderna (35), AstraZeneca (70) eta Johnson & Johnson (55). Azken hori, dosi bakarreko txertoa da.