GARA
IRUÑEA

Nafarroako aztarnariek kaleratzeak salatu dituzte, ondorioez ohartarazita

Positibo eman dutenen harreman estuak atzematen Mutiloako Forem egoitzan lan egiten duten aztarnariek atzo salatu zutenez, maiatzaren 1ean beren kontratuen %90 deuseztatu eta beren lekuan epe luzeko kontratazioetarako zerrendetako langileak jarriko dituzte. Hori «beharrezko eta bidezko» ikusiko lukete «beste edozein testuingurutan», baina ez orain, Nafarroan egunean 200 kasu atzematen direnean eta ZIUetan berriz presioa sumatzen hasi direnean. Ondorioak «tragikoak» izan daitezkeela ohartarazi dute.

Kolektibo horretako eledun Alizia Percazek Foremen aitzinean adierazi zuenez, irailean 100 lagunetik gorako taldea hasi zen aztarnari lanean. «Inork ez zekien deus lanbide honetaz eta egunez egun eta deiz dei joan gara ikasten». Denbora honetan, eta mundu mailan, agerian geratu da zein garrantzitsua den aztarnarien funtzioa covid-ari aurre egiteko. «Lan honi esker kasuak detektatu eta kutsatze-kateak moztu daitezke, eta birusa hedatzen segitzea eragotzi», azpimarratu zuen. Datorren hilaren hasieran, ordea, aztarnari gehienak «esperientziarik gabeko talde txikiago batek» ordezkatuko ditu.

Salaketa honen aurrean, Osasunbideko zuzendari Gregorio Achutegik Efe agentziari adierazi zion arakatzaileek beren lanpostuetan segituko dutela, baina 15 profesional gutxiago izango direla. Bere hitzetan, apirilaren 30ean amaitzen dira covid-19aren harira eginiko kontratuak: ez bakarrik 102 aztarnarienak, baita Osasunbideak kontratatutako ezohiko langile guztienak ere (1.200 bat lagun).

Kasu gehienetan, langile berriak iraupen luzeko kontratuetarako zerrenda sistema batetik hautatuko direla esan zuen eta horrek gainerakoengan «kezka» sortzen duela aitortu. Hala ere, aztarnarien kasuan, «egungo kontratazioari eutsiko zaio, ez zaie aldatuko, denbora batez luzatuko den jarduera dela uste dugulako, baina etorkizunean mantentzeko asmorik ez dago», gehitu zuen. Zerbitzua 85 profesionalekin geratuko da.