GARA Euskal Herriko egunkaria

COVID-19 LUZEA TRATATZEKO KIROLA ERE BADARABILTE BAIONAN

Covid-19arekin gaixotutako pertsonen %10ek sintomak pairatzen dituzte gero, eta horiek gaixoen bizitza mugatzen dute. «Covid-19 iraunkorra» delakoa tratatzeko Osasun Kirol Etxea baliatzen hasi da Baionako Ospitalea, tratamendu orokor baten baitan.


Covid-19a eritasun berria izanik, dituen ondorioak orain ari dira ezagutarazten. Sintomek hilabete baino gehiago irauten badute covid-19 luzetzat hartzen da, eta batzuetan kasuak kronifikatu ere egiten direla azaldu zuten, atzo, Baionako Ospitalean programa berria aurkezteko eman zuten prentsaurrekoan.

Sintomak askotarikoak direla azaldu zuen Philippe Nguyen medikuak: nekea, aztoramena, kontzentratzeko zailtasuna, memoria galtzea, bertigoak, arnasestua, min torazikoa… Paziente askok mota ezberdinetako tratamenduak behar dituztela ikusirik, Baionako Ospitaleak Osasun Kirol Etxea baliatzea erabaki du, terapia global baten baitan.

Ospitaleko gune berezian sartu eta eriak ariketa-bizikletetan ikusitakoan, gimnasio baten antza har dakioke, baina pazienteak zaintzen dituzten zuriz jantzitako osasun langileak badira bertan, eta horiekin hitz eginda, horren atzean dagoen jarraipena agerian gelditzen da; izan ere, errezeta behar da bertan aritzeko. Apirilaren erdialdean abiatu zen programa aitzineko taldearekin; laster bigarrena izanen da eta ekimena Ipar Euskal Herrian eta Aturri ingurura hedatu nahi dute.

Sendabide globala eskaintzen zaie covid-19 luzea duten pertsonei, eta kirola parte bat besterik ez da. Tratamendu psikologiko, kognitibo, nutritibo, neurologikoek… bat egiten dute kirolaren bitartez egiten den berreziketa fisikoarekin. Programak beste onura garrantzitsu bat ere badu pazienteengan, gaixotasunaren errekonozimendua, bai eta egoera berean dauden pertsonekin esperientziak partekatu ahal izatea ere.

Nguyenek, eritasun berria izanik, dagoen ezjakintasuna nabarmendu zuen. Hasieran, bereziki, ondorioak gaixotasunak sortutako neke fisiko eta mentalaren ondorio besterik ez zirela uste zuten medikuek; izan ere, probak egitean gehienetan sintomak ez dira agertzen, pazienteek pairatzen dituzten arren. Hori pixkanaka aldatzen ari da, oraindik zentzu horretan bide luzea egiteko badela azpimarratu badu ere.

Pazienteak

Astean bi aldiz joaten dira Françoise eta Sandrine kirol saioa egitera, eta bertaratzeak dauzkan onurak aipatu dituzte. Azkenak azaldu duenez, «eri gisa errekonozitua izateaz gain, on egiten du beste pertsonekin partekatzeak ere». Urrian pairatu zuen covid-19a, ez oso gogor; ondorioak, aldiz, bai, Osasun Kirol Etxean tratatzen ari den neke handiarekin batera, arazo neurologikoak ere badituelako, arreta zailtasuna eta memoria galtzea. Tratamendua noiz hasi zuen galdetuta, ez dela oroitzen erantzun du penatuta.

«Taldean egotea garrantzitsua da, baina aldi berean medikuen jarraipena izatea bereziki gertatzen ari zaidana ulertzeko aukera» ere badela azpimarratu du Françoisek. Nekeaz gain, digestio-aparatuan arazoak ere izaten ari da, eta nutrizionista batekin ari da hori tratatzen. Dastamena eta usaimena ere galdu ditu, eta horiek berreskuratzeko bere baitarik olio esentzialekin lanean ari da; «nire gorputza berrezten ari naiz» azaldu zuen. «Bakoitza ezberdina da; ni barne lan pertsonal handia egiten ari naiz», baieztatu zuen.

Covid-19 luzearen beste ezaugarri bat sintomen intentsitatearen aldaketa da. Horrela baieztatu zuen Osasun Kirol Etxean lan egiten duen Jade Pervier mediku-kirol hezitzaileak. «Programa etengabe egokitzen dugu, saioari nola erantzuten dioten kontuan hartzen dugu, baina bereziki aurrekoak nola eragin dion ikusi behar da». Pazienteak heltzen direnean bizi-konstanteak neurtzen dizkiete, bizikletan telemetrikoki bihotz frekuentzia aztertzen da, eta horren arabera egokitzen da; bukaeran berriz konstanteak aztertzen dituzte.

Gune berezitu hau 2015ean sortu zen, eta geroztik 1.500 paziente pasatu dira bertatik. Hastapenean ehun medikuk eta zazpi kirol elkartek parte hartzen zuten; orain, aldiz, 300 eta 100 dira, eta pazienteen %85ek kirola egiten jarraitzen dute, terapia hori behin amaituta.