GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

«Jaitz erdi!», oporrak ez dira ikasteko!


Egunkarian irakurria, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea konklabean izan dela, datozen hilabeteetan petrolio gordinak izango duen prezioa finkatzeko omen. Amen! Ekoizpena zenbat upeletan gehitu, horixe koska, upelka neurtzen baitute euren garapena. Eta burtsa guztiak dantzan! Total, ez dakit nik zer-nolako dokumentuak izango zituzten LPEEkoek konklabeko mahai gainean eztabaidagai, baina bi gauzatan behintzat sinistuta nago: bata, horietariko batzuk pdf formatukoak izan zirela; bestea, Eusko Jaurlaritzako industria arloko sailburu andereak formatu horretan erabili ohi dituenek ez zutela hango mahaian lekurik izango. Amen, berriro!

Eta petrolio esportatzaileen karteletik zezen-larruko Estatuaren kartzelara. Mantso baina hustuz doaz urruneko espetxeak, eta betez gertukoak. Aste honetan euskaldun presoetan umezurtz geratu dira Andaluziakoak, kasurako. Trantsizio garaian egonda guztiok, hangoak hemengoak beste, garaia gariz josi eta galsoroz eta ortuz bete ditzatela kartzeletako patioak, zementua lur emankor bihurtuta. Modu horretan ez bakarrik euskaldunon dispertsioarekin amaitu, andaluzen 0 km-ko apustua ere bultzatu!

Eta beste periferia batera joanda, bere zentro izan nahi duen Kataluniara, jakina. Buruz buruko konklabea egin dute aste honetan Manzanareseko hirian gobernu bietako buruek. Imajinatzen nago hitzen nondik norakoa. Batak «statu quo» helbide eta helmuga; besteak «Quo vadis?» hasi baino lehen. Eta bilera hantxe amaitu, quorum barik. Hortaz, hemengoa ez dadila «status berri quo» izan! Kapaz! Jaiak bai, ez? «Jaitz erdi» esango du baten batek azken taberna itxita farolari eutsita. Bitartean ikasketa-bidaia bidaia-ikasketa ari da ikasle eta guraso askorentzat izaten. Ikasiko balute sikiera! Baina uda ez da ikasteko, zoritxarrez, oporrerako baizik! Hezkuntza halakoa!