GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Urrea merezi, urria jaso


Dominak eta doluminak, albiste. Mediterraneoak berriak ematen segitzen du, gehienak zaharrak badira ere. Baina oraingoan ez datoz itsasoko uretatik bakarrik, lurreko basoetatik ere badatoz, doluminak. Uretan odolak su gabe dirakien arren basoan suak garrekin dirakielako, eta itsasoa ekialdetik mugatzen duten lurraldeetan lurzorua bero-bero dago, azken urteetako udako joerari bidea luzatzen. Hortik, su eta gar. Hortaz, turismo-guneak hustu behar; beharbada, turismoan egindako inbertsioak ez dira inguruko basoen kudeaketan egin... lehentasun kontua, beharbada.

Dominak Japonian. Urrea, zilarra eta brontzea nonahi, non horretan podiuma bada behintzat. Eta banderak, han bandera daukanarentzat behinik behin! Total, era askotako jauziak, lasterketako hesiak, edozer gauzaren jaurtiketak, maratoia, erreleboetako testigua... Irrikan nago sumoko euskal selekzioa jokoetan ikusteko, batzoki handiko mitxelinek balizko uda horretan etxetik kanpo egon beharko balute ere. Brontzea baietz! Edo diploma sikiera! Hortaz, Euskaltel goian bego! Eskelen orrian Eskeltel! Egoitza fiskalak hemen segituko omen du, amen! Eskerrak Eusko Jaurlaritzak «zaindu» egingo duela jabe berriak hartutako konpromiso hori! Lakuak zaintza kontuetan daukan esperientzia ikusita... Amen bi aldiz!

Zaintza bai, Nork Nori Zer-bitzu eman! Osasun sistema publikoan urrezko domina beharko lukeen Onkologikoa dolumin bidean dute, hitz ofizialak askotan haizeak uxatzen dituen seinale. Eta berdin lehen arretako zerbitzuak, urrea merezi eta urria jaso, jasotzekotan sikiera! Amen hiru aldiz! Funtsezkoa izan beharko lukeenaz nahasmen handia dute agintari batzuek, burtsako funtsekin lotzen baitute funtsezkoa, putreen gozamenerako... Espaziorako bidaia merezi lukete, joanekoa baino ez! Eta amen! Kawen!