Xole ARAMENDI ALKORTA
DONOSTIA
Entrevista
SILVINA SCHNICER ETA ULISES PORRA
«CARAJITA» FILMAREN ZUZENDARIAK

«Etxe aberatsetako haurtzainen eta umeen harremana deseraiki dugu»

«Tigre» filmaren ostean, Dominikar Errepublikako etxe aberats bateko lau hormen artean familiak eta etxeko langileak bizi duten harremana dakarte Silvina Schnicerrek eta Ulises Porrak. Goxoa da itxura batean, baina hala ote?

“Tigre” filmaren ostean, Dominikar Errepublikako etxe aberats bateko lau hormen artean familiak eta etxeko langileak bizi duten harremana dakarte Silvina Schnicerrek eta Ulises Porrak. Bertako lau hormen artean Yarisak eta Sarak eraiki duten harremana goxoa da, estua. Baina benetakoa? Azaleko irudiaren eta benetako errealitatearen dikotomia.

Haurra zenetik zaintzen du Yarisak Sara eta elkar maite dute. Baina istripu batek, heriotza batek, harremana zartatuko du.

«Dominikar Errepublikan zabaldua dagoen irudia da haur zaintzaileen eta umeen arteko lotura erromantikoarena. Egia da oso lotura ederra sortzen dela umearen eta bere zaintzailearen artean, baina haurrak 18 urte betetzean etxeko langile soil izatera pasatzen da zaintzailea», kontatu du Porrak.

Filmaren ekoizle Ulla Pridaren eskutik iritsi zitzaien 16 urteko neska baten eta bere zaintzailearen harremana pantaila handira eramateko proposamena. «Bere egina zuen ‘ipuin’ polit hori, baina gure zeregina izan da kontakizun hori deseraikitzea. Jakintzat ematen zena kuestionatzea izan zen gure lana», jarraitu du.

«Nabaria da mendekotasun harremana, klasismoa, beste herrialdeetan ere modu berean ematen dena», nabarmendu du.

Lehen pausoa Dominikar Errepublikako errealitatea ezagutzea izan zen. Izan ere, bi egileak Argentinan bizi dira –Ulises katalana da– eta arrotza zitzaien. «Bertako pertsona askorekin hitz egin genuen informazioa biltzeko», azaldu du.

Bertakoen testigantzez eta kanpokoen begiradaz joan zen istorioa harilkatzen. «Errealitatea distantziatik begiratzea lagungarria izan da; lantalde osoaren sentsazioa izan zen hori. Entzun eta ikusitakoari gure bagaje propioa erantsi genion».

«Dominikarrek eurek ere badakite irudi erromantiko horren azpian zer dagoen, baina eraikiz doazen narratibak dira. Horien gainean eraikitzen dira gaur egungo gizarteak, eta ez dira horizontalak. Oso elkarrizketa aberasgarriak izan genituen lantaldeko kideekin, bertakoekin», gaineratu du.

«Dominikar Errepublikako fenomeno soziala izanik ere, egia da mugaz gaindiko gaia dela», adierazi du Silvina Schnicerrek.

Filmaketa bete-betean harrapatu zuen covidaren izurriak. «Filmatzen hasi eta hiru astera mundua bertan behera geratu zen. Proiektua bertan behera geratuko zela ere pentsatu genuen... aktoreetako asko nerabeak dira eta aldaketa handia izan dute denbora horretan... ez zirudien posible zazpi hilabete beranduago berriz ekiteak. Geldialdian idazten jarraitu genuen, editatzen, eta laburrago egin genuen kontakizuna; beraz, onerako izan zelakoan gaude».

Tentsio handia sumatzen da filmean lehen eszenatik. Isiltasunak gehiago esaten du hitzek baino. «Hitzez adierazitakoa benetan gertatzen denaren aurkakoa da. Dena ondo dagoen itxura egin behar da, kosta ahala kosta, hori da filmak planteatzen duen gaietako bat. Baina unea iritsitakoan familiak bere burua babestuko du». Mirespenez hitz egiten dute bi aktore protagonistez. Magnolia Nuñezek jokatzen du Yarisaren papera eta Cecile Van Weliek-ek, Sararena. «Oso modu biszeralean egiten du lan lehenak, oso era arrazionalean bigarrenak, baina sekulakoa izan da biak lanean ikustea».

Oro har, lantalde osoaren inplikazioa nabarmendu dute. «Proiektuari jarri dioten energia eta lanerako jarrera izugarria da, profesionaltasun handia erakutsi digute. Benetan familia sortu dugu», esan du Porrak. Egunotan Donostiaz gozatzen ari dira euretako asko.

Bikotekide dira bi zuzendariak eta hau bigarren kolaborazioa dute zinemagintzan. «Bion arteko elkarlanean bakoitzaren ideiak handitu egiten dira, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean kolaborazioak funtzionatu egiten du», amaitu du Schnicerrek.