Jon ORMAZABAL
AIMAR OLAIZOLAREN AGURRA

Goizuetar erara igo da Aimar Olaizola Pilotaren Olinpora

Aspalditik zuen egina Aimar Olaizolak Pilotaren Olinporako bidea; 1.321 partida eta 26 final jokatuta, lehen mailako 14 txapel lortuta, horretarako merituak soberan eginak zituen aspaldi. Azken pauso hori, baina, etxekoen, gertukoenen, herritarren babesean eman nahi izan zuen atzo, 23 urteko bideari amestutakoa baino amaiera hobea emanez.

Goizuetan eta maila ona emanda utzi nahi zuen Olaizola II.ak horrenbeste eman dion pilota eta bi amets horiek nahi bezala bete ahal izan zituen atzo. Festa betea izan zen duela 42 urte jaio zen herrian, eta, kantxan bertan ere, bere ezker gantxo zoragarri horri distira ateraz kendu zuen, betirako, gerrikoa, Ander Imazek lagunduta, Jaka eta Aretxabaletari 22-14 irabazteko. Azken tantoa gidoilari onenak idatzi zuela pentsa liteke: bestela ezin eta ezker gantxo dotore batekin eman zion amaiera Aimarrek bere ibilbide oparoari, 800 lagun zutik zituela. Beste gauza askoren artean, ezker gantxoa izan da Aimar handi egin duena eta ezker gantxo zoragarri bat zuen gordeta azken eguneko azken tantorako. Aurretik beste dozena bat tanto ere batuak zituen badaezpada.

Partidaren aurretik ere izan zen ezustekorik, esaterako, ahots bakarrera abestu zioten “Zorionak zuri” sentitua, baina 1.321. lehia amaitutakoan hasi zen denek horrenbeste esperotako omenaldia. Umore Ona pilota eskolako umeek egindako pasillotik itzuli zen Aimar kantxara, Nafarroako bandera eta ikurrina lagun.

Herriko abesbatzak eta dantza taldeak elkarrekin eskainitako aurreskuak eman zion hasiera ekitaldiari. Azken asteetan Euskal Herriko pilotalekuetan ikusitakoaren ostean, aurreskua aurreikusi bazitekeen, Malerrekako joaldunek –tartean Unai Apeztegia lagun eta kidea zela– eman zioten bertako kutsua ekitaldiari. Goizuetako ihauterietako zahagi dantzek hartu zuten erreleboa, inoiz Aimar berak ere dantzatutakoak. Atzo bertan ere makila astindu behar izan zuen, pilotan erosoago sentitu arren.

Jarraian heldu ziren halako omenalditan ohikoak diren oroigarriak. Nafarroako Pilota Federazioak euskal makila eskaini zion; Baikoren izenean, Karlos Arguiñanok, bere argazkia zuen koadroa; Amets eta Maren, Aimarren ilobek, lehengusuen argazki ederra oparitu zioten; eta Josetxok eta Ferminek, bere jarraitzailerik fidelenek, ere ez zuten atzean geratu nahi izan. Kuadrillaren oroigarria emateko Jon Apezetxea –Aspeko teknikaria– eta Aitor irten ziren kantxara, tamalez orain gutxi zendu zen Josu Apezetxea oso gogoan zutela. Opariak ere era guztietakoak izan ziren, Umore Ona elkartekoek karikatura eta amantala eman baitzizkioten. Azken oroigarria, Unai Miranda Goizuetako alkateak eman zion. Badaezpada, furgoneta handian gerturatu zen Aimar frontoira eta toki askorik ez zitzaion sobratuko bueltan.

Gehiegi ez luzatzera, alkatea bera izan zen denen sentimenduei hitzak jarri zizkiona eta bere ibilbide eredugarria eta Goizueta mapan jarri izana eskertu zizkion. Baita azken partida herrian jokatu nahi izana ere.

Malkorik ez

Manolo Arozena osabak berari egindako bertso sorta batekin, bere argazkiekin –pilotaz aparte parranda egindakoa ere bada!– eta Benito Lertxundiren abesti batekin egindako bideo batekin saiatu ziren antolatzaileak Aimarri malkoren bat isurarazten, baina atzo ere ez zuen «konpostura» galdu goizuetarrak. Gontzal Mendibilen doinuek lagunduta Olaia emaztea eta lau seme-alabak ere irten ziren kantxara bere ibilbideko azkeneko txapela, sentituena, Aimarri buruan jartzeko.

Eguna berezia zen, nolabait pilotaren arorik oparoenaren azken kapitulua jokatu baitzen Goizuetako beheko frontoian. Eta bestela ezin eta Aimar Olaizolaren ibilbidearen liburuan hizki larriz agertuko den Juan Martinez de Irujo ezin zen falta. Iberokoak ez zuen bere ibilbideari data jartzeko zorterik izan, baina atzo Goizuetan egon nahi izan zuen, bien arteko harremana oso ona dela berretsiz.

Olaizola II.aren alter ego-arena ez zen pilota munduko aurpegi ezagun bakarra izan, Goizuetan ziren atzo Baikoko egungo pilotaririk gehienak eta baita Aspekoren bat ere, Jose Javier Zabaleta edo Peio Etxeberria esaterako. Baita azken 23 urteotan inoiz Aimarren arerio eta lagun izan diren pilota munduko ordezkari asko ere; Otxandorena, Oier Mendizabal, Unanue eta Roberto Garcia Ariño, kasu.

Egun osoko jaia

Okasioak merezi zuen eta jaia egun guztian zehar luzatu zen Goizuetan. Goizetik nabaria zen bertako jatetxe eta ostatuetan atzokoa ez zela egun normala eta pena bakarra frontoian egoteko sarrerarik lortu ez zutenena izan zen.

Omenaldia amaituta ere luze jo zuen gauak –argazkiak ateratzen ordu erdiz atzeratu zuen dutxa Aimarrek jasotako eskari guztiak erantzun nahian–, baina egunak merezi zuen eta goizuetar erara amaitu nahi izateak halakoak dakartza.

«Berriz ere zorretan naiz guztiekin»

Bere ibilbide oparoan aldamenean izandako goizuetar eta gertuko guztiei eskerrak emateko modua izan zen Aimar Olaizolak bere azken partida herrian bertan jokatzea. Bada, atzorako prestatu zioten guztia ikusita, berriz ere zorretan sentitu zen aurrelari nafarra ekitaldiaren amaieran mikroa hartu eta bertaratutakoei zuzentzean. «Nik ere ez nuen horrenbestekorik espero, ikaragarri gustatu zait prestatu duzuen dena eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen», nabarmendu zuen.

«Urte hauetan guztietan jende pila bat etorri da animatzera, partida garrantzitsuetan, finaletan... Alde horretatik zor bat bezala sentitzen nuen eta, gaurkoa ikusita, agian zor handiagoarekin geratuko naiz, baina, tira, eskerrik asko», gaineratu zuen hunkituta. Eta esker hitz guztien artean, bereziki sentitu zuen berriki zendu den Josu Apezetxea lagun minaren familia frontoian egon izana. Josuri eta Goizuetako herriari eskaini nahi izan zien Aimarrek eguneko azken txalo zaparrada. J.O.