Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Bananak gogoan

Aspaldiko partez ate ondoko kutxa gainean utzi dut metro-zinta goizean etxetik joatean. Jada ez dut behar kanpoan nagoela gertukoenganako distantzia neurtzeko, eta ezpainek, ostera ere, eguzkia sentitu dute, aldian-aldian behinik behin. Auskalo zein izango zintaren geroa, gurea hainbat kontutan Auskal Herria baita. Auskalokoa! Horra, kasuko, Kantaurialdeko gure baso eta larre eskasen inguruko euskaliktusen sasi-basoak… Ez dakit itsasargiak itsasoan dabilena laguntzen ote duen, baina argi dagoena da lurraldean dabilena laguntzeko lurrargi estrategikorik ez dela…

Non nengoen ni? A, bai, itsasoan. Kolpea gero, itsasoa dute batzuetan hilobi lan bila zeharkatzera behartuta daudenek eta bera lantoki dutenek ere. Kausa desberdinak, ondorio bera. Tragediaren ertzak, gero eta poliedrikoagoa den munduan. Baina planetak segitu egiten du biratzen, pausatu barik. Baxurako arrantza itzulian datorkigu, berdela eta antxoa tropeleko lehen postuetan direla… itsasoak gozo hartu ditzala, arrainak eta arrantzaleak!

Gerra hotsak gero eta hotsagoak. Gerra hotza omen. Kolpea gero! Noiz eta beroketa globalaren garaian ari da gerra hotzagoa izaten! Merkurio gizajoak ez daki jada zer markatu, ezta noren aginduz egin ere. Hortik goitik orbitatzen ari diren sateliteak, zelatari egunez eta gauez, zer-non-zenbat mugitu… jakin minean. Tentsioa tenkatzen dihardute batzuek eta besteek, distentsioaren izenean bada ere. Izena eta izana, betiko kontua, betiko hautua!

E? Zer? Donbass eta Donetsk? Non da hori, ez dakit zertaz ari zaren lagun, ni beheko Estatuko Madrainiako eskuinaldeko Genobass eta Puertasonetsk banana-errepublikez ari naiz. A zer giro! Hor bai NATOk esku hartu beharko! Hori Ipar Atlantikoa delako, tira, Atlantikoa behintzat, iparra aspaldian galduta dutelako Penintsula horretan…