GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

G-Land: Indonesiako oihanean galduta aurkitu zuten urautsia

Munduko txapelketa egiten ari dira egunotan Indonesian, Java uhartearen hego-ekialdean. Munduko ezker olatu luze eta biribilenetakobat da G-Land eta ospe handia du surflarien artean. Hona, leku honen historia eta bertan txapelketak egiten hasi zireneko kontakizuna.


Joan den larunbatean hasi zen itzelezko ikusmina sortu duen CT itzuliko seigarren proba Indonesian. Lehen mailako 24 mutil eta 12 neska munduko ezker olatu luze eta biribilenetako batean dira. Beraz, ikuskizun ederra izango da. Hala ere, olatu bikainak eskaintzen dituzten urautsietan egiten diren txapelketak ohikoak dira WSL zirkuituan; hortaz, zergatik sortu du halako ikusmina txapelketa honek? Erantzuna lekuak eta bere historiak du; izan ere, G-Land oso berezia da.

Horretaz gain, lehen mailako itzulia osatzen duten lehiakideen kopurua erdira jaitsi da Margaret Riverreko txapelketaren ostean, eta gonbidapen wildcard bati esker zirkuituko bigarren zatira batu den bi lehiakideen artean Gabriel Medina aurkitzen da, iazko abendutik desagertua egon den munduko txapeldun ohia.

Neskei dagokienez, G-Land urautsian lehiatuko diren lehen aldia izango da eta horrek ere ikusmina eragin du. Jada 25 urte pasatu dira mutilek lehen mailako txapelketa bat G-Landen egin zuten azken alditik, eta bitartean nesken maila asko aurreratu da; lehen ezinezkoak ziruditen urautsietan sekulako maila erakutsi dute. Zalantzarik gabe, G-Landeko ezker olatu biribilak gainditu beharreko proba berri bat izango dira WCT itzuliko lehiakideentzat.

Aitzitik, lehiaketa ikuspegi hertsitik harago, G-Landek badu bere magia eta historia berezia, eta horregatik sortzen du ezohiko ikusmina mundu osoko surflarien artean.

«X» bat mapan

Asia hego-ekialdeko lurretan gerran zebiltzan iparramerikarrak, Vietnam mendean hartu nahian, baina aldi berean gerraren kontrako mugimendu indartsu bat ere sortu zen Ipar Amerikan eta gudarik egin nahi ez zuten intsumisoak munduan zehar zebiltzan. Vietnametik ihesi, ez zebilen urrun Bob Laverty surflari kaliforniarra 1972. urtean, Jakarta hiriburutik Balira zihoan hegazkin bat hartu zuenean. Eguraldiak ezohiko bidea egitera bultzatu zuen hegazkina eta Lavertyk aurrez inoiz surflari batek ikusi gabeko uharri zoragarri bat begiztatu ahal izan zuen 9.000 metroko altueratik. Javako irlaren mutur batean olatu ikaragarriak izateko beharrezko baldintza guztiak betetzen zituen kostalde hark. Plengkunk erreserba naturala zen, Baliko Kuta hondartzatik urrunean ikus zitekeen lur zatia.

Bere lagun Bill eta Mike Boyum-i deitu zien lurreratu orduko eta bidaia prestatzeko proposamena egin zien. Kolono britainiarrek egindako Java uhartearen mapa bat lortu zuen eta “x” batekin markatu zuen helmuga seinalatzen zuen badia. Mikek atzera egin zuen, baina Bill eta Bob prest ziren.

Zilindrada txikiko motor bana hartu eta Kutako bungalowtik abiatu ziren bi lagunak, soinean hornigaiz betetako zakuak eta taulak zituztela. Bali uhartetik irtetea kosta zitzaien, baina lortu zuten, eta azkenean Java uhartearen hego-ekialdean dagoen Grajagango portura iritsi zirenean oso bestelako gizarte bat topatu zuten; izan ere, Baliko uhartean hinduismoa da nagusi, baina Javako uhartean erlijio musulmana praktikatzen da.

Arrantzale bati eskatu zioten badiaren beste aldean zen eremura gerturatzeko, baina barkuko kapitaina beldur zen eta, lekura gerturatu bazituen ere, bila zebiltzan urautsitik urrun utzi zituen; izan ere, bertako biztanleen iritziz, Purwo erreserba naturala magia beltzaren eta izpirituen eremua da. Hori nahikoa ez, eta naturan ere arrisku anitz ziren. Mota guztietako animaliak aurki zitezkeen sasoi hartan, baita tigrea ere, eta, gainera, lurrikara eta tsunamiek sarri kolpatzen duten gunea da.

Moldatu ziren, nola edo hala, motoak uretara ez erortzeko, baina une batean ez atzera ez aurrera geratu ziren koral eta hondarretan harrapatuta, eta oinez jarraitu behar izan zuten, gauak leher eginda atzeman zituen arte. Tigre baten orroak beldurtu ostean, zurezko lantzak egin zituzten eta txandaka lo egiten pasatu zuten gaua. Iratzarri zirenean, ordea, oraindik ametsetan zeudela pentsatu zuten. Ehunka metrotan zehar luzatzen ziren ezker olatu perfektuak zituzten aurrean.

Leku hura G-Land izenez bataiatu zuten, Grajagani erreferentzia eginez, eta hiru egun egin zituzten bertan olatu perfektuetan surf egiten, ura eta janaria amaitu zitzaien arte.

Berriz ere Balin, urautsi liluragarri hartara itzultzeko bidaia berri bat prestatu zuten surflariek, baina Laverty ez zen itzuli, bidaia egiteko dena prest zutela, bezperan hil baitzen. Uluwatun surf egiten ari zela epilepsia krisi bat izan zuen eta ito egin zen; izan ere, Uluwatuko olatua ere oraindik ez zen oso ezaguna urte hartan eta ia bakarrik zegoen.

Hurrengo hiru urteetan oraindik oso surflari gutxik ezagutzen zuten G-Land; horien artean, Gerry Lopez hawaiiarrak, baina pixkanaka ezagun egin zen urautsia eta surflari gehiago iritsi ziren. «Surflarientzako monasterio bat zen eta modu batera edo bestera horrela gordetzeko gai izango bagina, surfaren Lurralde Santua izango litzateke», nabarmendu zuen Lopezek zenbait urte geroago.

Txapelketak 90eko hamarkadan

Munduko txapelketa bat egiteko ez da batere leku erosoa G-Land, ezta gaur egun ere, nahiz eta lehen aldiz bertan surf egin zenetik azpiegitura ugari eraiki diren. 90eko hamarkadan egin ziren lehen munduko txapelketak bertan eta sekulako desafioa izan zen antolatzaileentzat.

Mundu osoko surflariak liluratzen zituzten irudiak iristen ziren G-Landetik 80eko eta 90eko hamarkadetan. Surf aldizkarietan erreportajeak ohikoak ziren eta bertan eginiko filmek arrakasta itzela zuten. Mark Occhilupo eta Ronnie Burns ezker surflariak G-Landen surf egiten agertzen ziren filmek belaunaldi oso bat markatu zuten.

Mendebaldeko edozein bisitarik beharrezko dituen erosotasunak bermatuak dira egun G-Landen, baina leku arriskutsua izaten jarraitzen du. 70eko hamarkadan zuhaitzetan zintzilikatutako logeletan hartzen zuten ostatu surflariek, oihanaren erdian animalia anitzez inguratuak baitziren. Egun ez da halako arazorik, baina lurrikara eta tsunamien mamua beti hor da.

Rob Bain, Simon Law, Richards Marsh, Shane Herring eta Richie Lovett surflari australiarrak G-Landen ziren 1994ko ekainaren 3an, goizeko 1.17an tsunami batek atzeman zituenean. Igerilari bikainak zirelako lortu zuten bizirautea, baina heriotza hurbil izan zuten, 7,2ko indarra zuen lurrikara batek sortu baitzuen tsunamia 130 kilometroko distantziara.

Handik urtebetera, 1995ean egin zen lehen munduko surf txapelketa G-Landen eta sekulako olatuak izan ziren. Kelly Slater izan zen lehen txapelduna. 1996. urtean ere estatubatuar bat gailendu zen, Shane Beschen gazte kaliforniarra, eta azkenik, 1997. urtean Luke Hegan australiarrak irabazi zuen txapela. Ordutik ez da gehiago munduko txapelketarik izan G-Landen.

Urautsi arriskutsua

Ingurune arriskutsuan dago G-Land eta olatuak ere oso arriskutsuak izan daitezke. Itsasgoran olatuak ez dira indartsuak, maila ertaina duen edozein surflari itsasoratu daiteke bertan, baina itsasbeheran olatuak sakonera oso gutxiko uretan lehertzen dira eta oso ohikoa da koralezko uharriarekin zauritzea. Ez da ospitalerik gertu; horregatik surflari askok beren burua edo lagunarena josi behar izan dute.

Sakonera gutxiko uretan lehertzen diren olatu horiek dira, ordea, munduko tubo borobil eta luzeenetakoak sortzen dituztenak, nahiz eta hondoa aldatzen duten tsunamiak ere izaten diren. 2004. urtean, adibidez, tsunami batek hondoak apur bat aldatu zituen eta urteak behar izan zituen urautsiak bere ohiko egoerara itzultzeko.