GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

Kluba egoera onean uzten duenaren lasaitasuna

Oier «harro» agertu da Osasuna berreraiki izanaren protagonista izateagatik.


«Debuta egin nuenetik hamaika esperientzia bizi izan ditut; urte bakoitza berezia izan da». 2007an egin zuen debuta Oier Sanjurjok Osasunaren lehen taldearekin eta debutean izan zituen urduritasunak gogorarazi ditu klubaren kameren aurrean emandako elkarrizketan. Bertan, azken 15 urteetako oroitzapenak plazaratu ditu eta momentu onez gain, latzak ere zerrendatu ditu kapitainak.

Esaterako, «lehen jaitsiera mingarri hura; klubaren egoera nola azaleratu zen eta gero horri buelta emateko bidean, ni protagonistetako bat izan naizela». Modu horretan, adierazi du «oso harro» dagoela gaur egun Osasuna dagoen lekuan uzteagatik. Izan ere, Lehen Mailan egonkortuta dago eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dio Sanjurjori.

«Etxeko jokalariz betetako talde batekin nola izan ginen gai Lehen Mailara itzultzeko; une hori izan zen orain ikusten dugun Osasunaren eraikitze prozesuaren lehen harria jarri genuenekoa», adierazi du.

«Osasuna kasik desagertzear zegoen momentu batetik ni eta nire taldekide asko hemen geratu ginen, elkarri lagundu genion eta hau eraiki dugu», azaldu du. Hala, «behea jo genuen momentu hartatik aurrera, Osasunaren garapenean protagonista izateagatik» harrotasunez mintzatu da.

«Oso zoriontsua naiz, protagonista eta kapitaina izan naizelako, Bigarren Mailako txapelketa irabaztean eta Kopa hori altxatzeko orduan. Ordutik aurrera, Jagobaren [Arrasate] etorrerarekin, nola igo garen Lehen Mailara eta nola mantendu garen. Denboraldi politak eginez eta momentu konplexuak bizitzen urte bakoitzean», adierazi du nafarrak.

Agurreko une bereziak

Bere agurra taldea elitean egonkortuta dagoenean iritsi delako eta klubaren mendeurrena kapitaina izanda bizi izan duelako zorionekoa dela uste du. Ohorea izan da berarentzat: «Liburuetan geratuko da, estadioko museoan agertuko da».

Hamabost urteotan guztiotan momentu onak eta ez hain onak bizi izan dituela onartuta, Osasunan jarraituko ez zuela jakinarazi zuenetik, momentua bizitzen saiatu dela azaldu du Sanjurjok, «nahiz eta ez den erraza izan. Emozio horiekin guztiekin zaila zen momentu horri erreparatzea. Polita izan da; lasaitasun sentimendua dut, dena eman izanarena». «Momentu berezi eta bakar pila» horien artean, tristura eta nostalgia puntu bat ere sentitu duela ez du ezkutatu, Osasunan emandako urteak ez baitira alferrik pasatu.

«Nafar batentzat ez da soilik Osasuna; balore batzuk jorratzen dira bertan, futbolari bezala saiatu naiz ezaugarri horiek batzen eta nire ondoan zeuden taldekideei helarazten. Zaleei helarazi nahi diet hori ongien egiten saiatu naizela eta etorkizunean egongo dela jendea, prestatua, Osasunaren baloreak harrotasunez eramateko eta ondorengoei erakusteko», azaldu du Oier Sanjurjok zintzotasunez.

Zaleak, «ezinbesteko pieza», Sanjurjorentzat

«Zaleak beti izan dira ezinbesteko pieza; beren babesa jaso dut beti», adierazi du Oier Sanjurjok klubaren kameren aurrean. Oso eskertuta mintzatu da azken urteetan Osasunaren besokoa zintzoki eraman duen jokalaria. Taldean jarraituko ez zuela iragarri zuenetik jaso dituen «babes eta maitasun mezuak» biziki eskertu nahi izan ditu.

«Asko maite ditut. Zelaian une oro dena ematen saiatu naiz eta beraiek saritu naute. Txalotua izan naiz eta beraien babesa gertutik jaso izan dut». GARA