GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPEAK

Goi mailako zeharkaldia Mont Blanc-eko mendilerroan

Matheo Jacquemoud eta Benjamin Vedrinesek hogeita lau ordu baino gutxiago behar izan dituzte 70 kilometro eta 7.300 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea sinatzeko. Elur gutxi izan zuten, baina eguraldi egonkorra.


Mont Blanc-eko mendilerroa bikain ezagutzen dutenak, modu batera edo bestera esanda, beti jarduera berriak bilatzen ibiltzen dira. Zirrikituren bat aurkitzen saiatzen dira berezitasunaren alde egiteko. Eta hori gertatu zaie Matheo Jacquemoud eta Benjamin Vedrinesi. Biek ala biek Alpeetan oso ezaguna eta bisitatua den mendilerro horretan aktibitate bikainak egin dituzte. Azkenekoan, ingurumari hori osorik hartu dute. Horrekin esan nahi dugu mendilerro hori zeharkatzeko gai izan direla, baina krono ikaragarri batekin: hogeita lau ordu baino gutxiago. Datuak, bederen, beldurtzekoak dira: 70 kilometro eta 7.300 metroko goranzko desnibela.

Protagonistei dagokienez, aurreratu behar dugu Jacquemoud mendiko eskian eta lehiaketetan “errege” izan dela. Kilian Jornetekin, adibidez, nabarmentzekoak diren aktibitateak egin ditu. Vedrines, bestalde, alpinista eta mendi gidaria da. Jakina, izaera horretako jarduera bat egin ahal izateko, erabat sasoiko egon behar da, baina bikote horrek erakutsi du, baita ere, oso eraginkorra izan dela.

Mendilerro enblematiko horretan egin duten abentura ondo baino hobeto prestatu zuten. Zeharkaldiaren hainbat sekziotan gogor entrenatu zuten. Ingurune horretan girora egokitzea ezinbestekoa zen.

Une egokia ikusi zutenean martxan jarri ziren. Contamines-Montjoietik (Frantzia) irten eta, non-stop eran, Trient-era (Suitza) heldu ziren. Jacquemoud izan zen xede honen bultzatzaile nagusia: «Duela hamar urte erronka hori aztertzen hasi nintzen, eta geroztik buruan iltzatuta izan dut. Hainbat kontu tarteko (lana, senitartekoak eta mendilerroaren baldintzak), helburu hori atzeratu egin dut. Mendizale ororentzat ibilbide hori oso agerikoa da. Nik uste dut denok zeharkaldi horrekin amets egiten dugula. Nire asmoen berri Benjamini eman nion, eta duela pare bat hilabete baieztatu zidan sokada osatuko genuela. Ez zuen zalantzarik izan!».

Mont Blanc-eko mendilerroaren zeharkaldi hori maiatzaren 17an hasi zuten; hain zuzen ere, gaueko hamarrak eta laurdenetan. Eskiak bizkarrean jarri eta lehen urratsak egin zituzten. Protagonistek baieztatu dute erritmo bizian joan zirela, baina ez zutela inolako asmorik “erlojupeko” bat egiteko. Behin baino gehiagotan orduari begiratu zioten, baina jakin ahal izateko une eta leku egokira noiz iritsi behar zuten.

«Oso motibatuta»

Tré-La Têteko glaziarra, Dômes de Miage, Aiguille de Bionnassay, Dôme du Goûter... Zeharkaldia ondo zihoan, baina oraindik ere hiru mendi garai igo behar zituzten: Mont Blanc, Tacul eta Maudit.

Jarduera luze eta gogor horretan hainbat kideren laguntza eta babesa izan zuten. “Anoa” puntu batean Leo Slemett eskiatzaile freerider-a zain zuten. Indarrak berreskuratu eta Vallée Blanchera jaitsi ziren.

Ondoren, bi alpinistok asko eskatzen duen sekzio bati egin behar izan zioten aurre. Cristaux-eko lepora igo behar zuten, eta horretarako aldats tenteak gainditu behar izan zituzten. Tarte hori oso intentsua eta arriskutsua da: «Nortasun handiko zeharkaldi hau egiterakoan, eite asko kontuan hartu behar dira. Sekzio horretan, adibidez, segurtasuna oso garrantzitsua da. Aitortu behar dugu sekzio horretan une intentsuak bizi izan genituela. Bestalde, ibilbidean zehar horniketa lanetan izan ziren lagunen jarrera eskertu behar dugu. Guretzat giltza izan zen; batez ere, hainbat une haiekin partekatu genituelako».

Espedizioa amaitu aurretik, beste bi lepotik igaro eta “helmuga” puntura heldu ziren arratsaldeko 18.20an: «Eguraldi ona egin zigun, baina elur gutxi zegoen. Bagenekien ez zela batere samurra izango».