GARA Euskal Herriko egunkaria

Eguzki izpien atzean


Gunung Anung izena du Baliko sumendi sakratuak. Garrantzia handia du bertako biztanle hinduisten artean. Lurraren egun bakoitza egunero hasten da, haien iritziz, lehen eguzki izpiek sumendiaren tontorra laztantzen dutenean. “Munduaren goiza” edo antzeko zerbait esaten diote une magiko horri; horregatik jarri zion Alby Falzon zinemagile gazteak “Morning of the Earth” izena 1972an egin zuen surf filmari. Baliko lehen surflarien lehen irudiak izan ziren.

G-Landeko ezker olatu bikainean lehen aldiz surfean egin zuten urtea izan zen, baina surfean egiteko leku zoragarrien gibelean, historia ilun bat hastera zihoan garaia ere izan zen. Indonesiako kostaldeak eskaintzen dituen urautsi perfektuen bila zebiltzan surflari abenturazale haietako asko, bidaiatu ahal izateko eta haien beharrak asetzeko, droga trafikoan murgildu ziren.

“Sea of Darkness” filmak sasoi hartan gertatutakoa kontatzen zuen, baina bidean hil zirenak, espetxean amaitu zutenak eta oraindik ere bizirik diren protagonistak mintzeko asmorik gabe. Horregatik irudi original aunitz ezabatu zituzten. Hala ere, gehiegi dira gazte aroan egindakoak ezkutatu nahi dituzten surflariak eta argitaratu zenetik sari andana jasotako filma bat-batean desagertu egin da.

Droga trafikoari esker diru mordoa egin zuten garai hartako surflari askok, eta batzuek diru eta botere handia dute gaur egun. Historia haien neurrira kontatzeko interes handia ere badute; horregatik erosten dituzte irudiak, ezabatzeko.

Mike Boyum estatubatuarrak “Bobby’s G-Land Jungle Surf Camp” izeneko ostatua ireki zuen 70eko hamarkadan G-Landen eta oraindik ere han da. Bere historia oso adierazgarria da, bera bezalako asko izan baitziren sasoi hartan. Ikuspegi hippya zuten, abenturazaleak ziren, surflari ausartak, baina baita diruzaleak ere. G-Landeko negozioa bikain zihoan arren, droga trafikatzen hasi zen Boyum, Kaledonia Berrian antzeman zuten arte. Lau urte egin zituen itzalpean eta horren ostean, Filipinetara joan zen izen faltsu batekin. Han munduko eskuin olatu onenetako bat aurkitu zuen, “Cloud Nine”, baina bizimodu oso aldrebesa zuen, eta azkenean, 43 egun jan gabe pasatu ostean hil egin zen. Izenik gabe ehortzi zuten bertako biztanleek, urautsiaren parean. Rick Rasmussen surflariaren historia beste adibide bat da: heroina trafikoari lotutako tiroketa batean hil zuten 1982an New Yorken. Jeff Hakman hawaiiarrak ere antzeko istorioak kontatzen ditu, “Mr. Sunset” liburuan, Indonesian heroinari lotu ostean izandako bizipenak eta droga trafikoan egindakoak kontatzen ditu.

Baliko lehen surf irudietan surflariak heroina injektatzen ere agertzen ziren. Garai hura halakoa izan zen, nahiz eta orain batzuk gertatutakoa estaltzeko ahaleginetan ari diren. Gurean ere antzeko zerbait pasatzen ari da: inork ez du inoiz erantzukizunik izan, inork ez du inoiz ezer txarrik egin, eta guztiak uberak utzitako zipriztinak ezabatzen ari dira, arlo guztietan: kirolean, musikan, kulturan, politikan eta abarrean. Gezurrez jositako historia erakutsi zidaten eskolan, egia konta zezaketen lekukoak oraindik bizirik zirenean, eta gauza bera gertatzen ari da gaur egun, denon muturren aurrean.