Andoni ARABAOLAZA
PROTAGONISTA

Maialen Rojo, bitxi bat alpinismo femeninoan

Xabier Ormazabal bekaren hirugarren ekitaldia irabazi berri du 25 urteko gasteiztarrak «Alpeetan esploratzen» proiektuarekin. Udan, La Nonne eta La Moine hormatzarretan bide bana zabaldu nahi du. Druko marra bat eskalatzeko asmoa ere badu.

Euskal Herrian alpinismo teknikoak betidanik izan ditu sustrai sendoak. Baina garaiak aldatu egiten dira, eta, ondorioz, diziplina horrek gorabeherak izan ditu gurean (eta baditu oraindik ere). Hala ere, badira mendiaren esentzia hori aldarrikatzen dutenak, beste arloetan gertatzen den modura, nesken artean diziplina horrek ez baditu ere ordezkari asko. Arazoak arazo, baina, azken bolada honetan badirudi harrobia indartzen ari dela.

Uzta berri horri begiratzen badiogu, Maialen Rojo ezin dugu aipatu gabe utzi. Izenburuan “bitxi bat” dela esan dugu. Nortasun kontuetan, ez dugu zalantzarik. Baina objektibotasunetik aztertuta ere, argi eta garbi dago 25 urteko gasteiztarra alpinismoaren aldeko apustu sendoa egiten ari dela. Ibilbide laburra du oraindik, baina egin dituen urratsek arrakastaren bidean jarri dute. Horietako bat joan den maiatzaren amaieran Urretxun jaso zuen “saria” izan zen.

Xabier Ormazabal zenaren omenez antolatzen den beka irabazi berri du Rojok. Eta hori egiten lehen alpinista femeninoa bilakatu da. “Alpeetan esploratzen” proiektua aurkeztu zuen, eta, epaimahaiaren arabera, originala izateaz gain, bekak biltzen dituen alderdi guztiak jasotzen ditu. Gogora dezagun zendutako mendizale urretxuarraren oroimenez antolatzen den egitasmoa gazteei zuzenduta dagoela (25 urtekoa da adin muga).

Rojok aspalditik du mendiaren “pozoia” erabat barneratuta. GARAri adierazi dion bezala, etxean bertan jaso zituen lehen “eskolak”: «Mendi gidaria dut aita, eta berak bultzatuta egin nituen lehen urratsak mendian. Noizean behin elkarrekin ateratzen ginen, eta eskalada ere probatu nuen. Gustukoa nuen, baina berez ez zen zaletasun bat. Ondoren, rokodromo batean hasi nintzen, eta han nire adineko jendea ezagutu nuen. Beste giro bat zen, eta, aitarekin mendian jarraitu ordez, kide horiekin harremanak sendotzen joan nintzen. Rokodromoa eta arroka uztartuz, talde horrekin bikain pasatzen nuen. Pixkaka-pixkaka, mendiaren beste adar batzuk ezagutu nituen. Adibidez, mendiko eskia. Hasieran, aitaren tresneria erabiltzen nuen. Jakina, ez zen nire neurrikoa, eta sufritu egiten nuen. Zorionez, nire materiala erosi eta askoz gehiago gozatzen hasi nintzen. Euskal mendiak eta paretak ezagutzeaz gain, gure ingurumarikoak ere bisitatzen hasi nintzen. Eta, hortik aurrera, beste urrats bat egin eta Alpeak nituen zain. Onartu behar dut arroka izan dela gehien praktikatu dudana; batez ere murru luzeak ditut oso gustuko. Alpinismoaren beste alderdi batzuk zintzilik ditut, eta horietan ikasteko eta garatzeko asko daukat. Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, baina alpinismo teknikoarekin motibatuta nago».

«HUNKIGARRIA»

Irakurri bezala, protagonista gasteiztarra ohiko ibilbidea egiten ari da. Eta horretan nolabaiteko akuilua jaso du Xabier Ormazabal bekarekin. Bost xede aurkeztu ziren. Lehen aldiz, gainera, alpinismo femeninoak bidalitako bi. Aurreratu bezala, Rojorenak Alpeak ditu jomuga. Harrapatuta dago mendilerro horrekin, eta proiektua aurkezteko ez zuen zalantza izpirik izan: «Iazko udaran Chamonixen eta bere ingurumarian hilabete batzuk eman nituen. Grandes Jorassesen aurrean bide bat zabaldu nuen. Hor hasi zen dena. Ukitu gabeko hormetan bideak sortu, pentsamendu berriak... Simon Eliasekin harreman estua dut, eta, inguru hori bikain ezagutzen duenez, beste pareta batzuen berri eman zidan. Egundoko motibazioa sortu zitzaidan, baina, aurreko udan berandu zenez, asmo horiek beste baterako utzi nituen. Eta hor sortu zen bekara xede hau aurkezteko momentua».

Gazteak dira Xabier Ormazabal bekaren protagonistak, eta, aurreratu bezala, ohikoa ez den eta antolatzaileei poz handia eman dien proposamen kopurua jaso dute. Rojok berak aitortu du bost xede aurkeztea azpimarratzekoa dela: «Harrigarria da, baina horrek erakusten du gazteak ilusionatuta gaudela, grina bizirik dagoela. Proiektu guztiak onak eta originalak dira. Zalantzarik gabe, beka honek gazteen artean garrantzia du; asko motibatzen gaituen egitasmoa da. Hori gutxi ez, eta bi proiektu neskon eskutik iritsi dira. Horri balio handia ematen diot, eta, jakina, azpimarra berezia jarri behar zaio. Izan ere, alpinismoaren munduan ez gara asko. Halere, ikusten ari naiz mendian, arrokan eta alpinismoan gero eta neska gehiago gaudela. Irabazteko aukerak ote nituen? Bada, aukera beti hor dago. Esan bezala, beste xedeak ezagutzen nituen, eta, beraz, ez dut ezusteko handirik jaso».

“Alpeetan esploratzen” proiektuari dagokionez, gasteiztarrari galdetu diogu “esplorazio” hitzak lekua ote duen oraindik hain masifikatuta dagoen mendilerro batean: «Ezbairik gabe, bai. Ukitu gabe ez dagoen leku batean jardutea esploratzea da. Berria da. Eta hori egiteko tartea dago oraindik Alpeetan. Badirudi alderdi urrunera joan behar dela esploratzera. Eta hori ez da egia; etxean bertan eta gure ingurumarian esploratzeko aukera handiak daude. Berdin dio urruneko edo hurbileko eremu bat den».

Azalpenok eman eta gero, alpinista gazteak Alpeetako proiektuaren zutabeen berri eman digu: «La Nonne da geltoki bat. Iparraldeko aurpegiak 600 metro ditu, eta ukitu gabe dago. Hots, ez du biderik. Marra bat sortzeko asmoa dut, eta aurreratu behar dut granitoaren kalitatea kristorena dela. La Moin-eko hegoaldeko isurian, berriz, 500 metroko zutoin zorrotz estetikoa dago. Eta han ere marra berri bat zabaltzeko asmoa dut. La Nonne autobabeserako oso egokia da. Diedro zein artesi asko ditu, eta, hortaz, eskalada tradizionala praktikatzeko horma oso ona da. La Moin-ekoak, berriz, beste itxura bat du; plakak dira nagusi. Horregatik, zulagailu bat eramango dut. Aitzitik, ahal den garbien jardungo dut. Amaitzeko, indarrak baditut Dru mendiaren mendebaldeko hormatzar ezagunean bide bat igotzen ere saiatuko naiz».

Rojo bera izan da proiektua aurkeztu duena, eta, behin beka irabazita, aurrera eraman nahi du. Hori bai, ez da bakarrik ibiliko; izan ere, soka gerrira Ruth Fornos katalanarekin lotuko du: «Ruth eta biok FEDMEren alpinismo taldean gaude. Beste hiru euskal alpinista ere badira taldean, baina Ruth besteak baino gehiago ezagutzen dut. Taldeko edonorekin partekatu dezaket helburu hau, baina Ruth artista hutsa da. Xelebrea ere bai. Ziur nago bikain pasako dugula eta barre ugari egingo ditugula! Ondo konpontzen gara, eta biok neskak izateak ilusio handia ematen dit».

Amaitzeko, gasteiztarrak hitz bereziak izan ditu Xabier Ormazabal bekaren antolatzaileentzat: «Oso eskertuta nago Urretxun igaro nuen egunarekin. Ederra izan zen, eta jasotako tratua oso-oso hurbilekoa. Hunkigarria benetan! Ormazabal familiak erakutsitako jarrera txalogarria izan zen oso; ‘sari’ bat merezi dute. Amak, adibidez, jatekoa prestatu zuen. Pozik egoteko arrazoiak dituzte, eta jakin dezatela denok asko baloratzen dugula egiten ari direna. Gazteontzat beka hau motor berezia da».