12 JUL. 2024 SOLO Disko musika, purpurina eta ezinezko maitasunak G.I. HERNANI Solo” Sophie Dupuis gidoilari eta zuzendari kanadarraren film berria da. Giza harremanak ardatz dituzten “Faillir”, “Chien de garde” eta “Souterrain” film luzeengatik da ezaguna. Bere filmografian beti erakutsi du sentimenduen eta harreman pertsonalen mundu liluragarri baina konplexuekiko interes berezia. “Solo”-rekin, 2023an Torontoko Nazioarteko Jaialdian Kanadako Film Onenaren saria jaso zuen. Simon da protagonista nagusia, Montrealeko ‘drag’ eszenan susperraldian dagoen izar berria. Bi maitasun ezinezkoren etsipenari aurre egin beharko dio: Oliverrekin duen maitemintze sutsu baina suntsitzailea eta Claire amarekin duen harreman hotza; 15 urte kanpoan eman ondoren, berriz ere berarekin bizitzera etorri da. Aurreko bi filmetan bezala, Theodore Pellerin aktore fetitxea du protagonista. Dupuisek harro aipatzen du «aktore zerrenda Kanadako ekoizpen batean inoiz bildu den ‘queer’-ena» dela. Filma aurtengo Iruñeko Nazioarteko Zinemaren eta Emakumeen erakustaldian eman zuten eta proiekzioaren ondorengo solasaldiko gonbidatua Albina Stardust drag artista eta aktibista trabestia izan zen. Pelikularen gaiak eztabaidarako edota hausnarketarako bidea ematen duen seinale.