Harreman toxikoei muzin egiten
Montrealgo drag eszenan girotutako harreman toxikoei buruzko istorio nahiko interesgarria osatu du Sophie Dupuisek. Abba-ren ‘‘Voulez-Vous’’ edota Donna Summer-en “Hot Stuff” abestien melodien artean mugitzen da Simon, protagonista nagusia; Theodore Pellerin-ek lan nabarmena egiten du; filmaren arima eta bihotza da.
LGTBI+ protagonistak dituzten istorioetan, sarritan, beren sexu-joera gidoietan oso presente egoten den zerbait da eta pertsonaiek jasaten dituzten arbuioak edota erasoak ere narrazioaren zati garrantzitsuak izaten dira; beren arku dramatikoa garatzeko nahitaezkoa izango balitz bezala. “Solo” filmean ez da halakorik gertatzen, protagonistaren orientazio sexuala ez da gatazkaren parte; alderantziz, familia, hurbileko pertsonak, baita ezezagun batzuk ere, guztiak atseginak eta nahiko maitagarriak dira; hor ez dago gatazkarik. Kasu honetan, abusu psikologikoak edota harreman toxikoak beste arrazoi batzuengatik dira.
Nahiko erraz aurreikus daitekeen istorioa azaltzen duen arren, harreman mota horietatik ateratzea zeinen zaila den islatzeko helburuz, pelikula oso modu finean landutako gidoian oinarrituta dago. Aktore guztien lanari esker, benetakotasuna dario aldi oro eta ikusten den guztia oso sinesgarria da. Soinu-bandaren aukeraketa egokia eta jantziekin egin den lanketa ere nabarmentzeko alderdiak dira. Bisualki, aberastasun handia duen filma da.
Harreman kaltegarriak baztertu eta sanoak eraikitzeko beharrari buruzko aldarria egiten du Dupuisek, baina oparitzen digun hausnarketarik edota galderarik garrantzitsuena honako hau da: lehen-lehenik geure burua maitatzen ez baldin badugu, nola demontre maitatuko dugu beste inor?