GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Mailarik onena XXIX. Egiako Torneoan

Egiako Torneoaren aurkezpena. (@BERA BERA)

Egiako XXIX. Nazioarteko Eskubaloi Torneoa aurkeztu zen atzo, denboraldiaurreko entzutetsuenetakoa. Hilaren 16 eta 17an jokatuko da gizonei dagokien torneoa eta, emakumeena, aldiz, abuztuaren 21ean egingo da. Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidasoa-Iruneko Gurutz Aginagalde zein Super Amara Bera Bera taldeko presidente Tati Garmendia izan ziren bertan xehetasunak ematen.

Gizonen torneoa lau taldek jokatuko dute: Bidasoa-Irun eta Helvetia Anaitasuna euskal taldeak, Asobal Ligako Balonmano Logroño eta Frantziako Ligako Limoges, hain zuzen. Azken hau Bidasoa-Irunen aurkari izan daiteke EHF European League delakoan, eta bere jokalarien artean Jon Azkue oriotarra dago, 2011tik 2023ra Bidasoan aritutako jokalaria.

Ostiral honetan izango dira finalerdi biak. Hasteko, Limoges eta Balonmano Logroño neurtuko dira 18.00etatik aurrera. Bigarren finalerdia, berriz, euskal derbia izango da: 19.30ean hasita Bidasoa-Irun eta Helvetia Anaitasuna neurtuko baitira.

Larunbateko jardunaldia hirugarren posturako partidarekin hasiko da, 17.30etik aurrera, finalerdietako galtzaileen artean. Talde irabazleek, berriz, 19.30ean hasiko den hitzordua izango dute final nagusian.

Emakumeek, berriz, hilaren 21era arte itxaron beharko dute. Kasu honetan torneoak partida bakarra izango du. Hau ere 19.30ean hasiko da eta Super Amara Bera Bera eta Replasa Beti Onak, Guerreras Iberdrola Ligako taldeak biak, izango dira aurrez aurre.

Egiara joan nahi duen zaleak, jakin beza 12 euro ordaindu beharko dituela eguneko gizonezkoen torneoa ikusteko eta 7 euroan izango duela emakumeen torneoko finaleko sarrera.

GARRANTZIA

Esan gabe doa eskubaloiak Euskal Herrian zaletasuna baduela. Hala, Gurutz Aginagalde, Bidasoa-Iruneko presidenteak Egiako Torneoari garrantzi berezia eman nahi izan zion. «Badakigu zein den gure erantzukizuna kirola sustatzerakoan, eta horregatik ahalik eta partida gehien jokatzen saiatzen gara Gipuzkoan, eskubaloia eta bere balioak zaleen eta jokalari gazteen artean zabaltzeko», aipatu zuen.

Tati Garmendia ere antzera mintzo zen. «Eskubaloi maila ona izaten da, bai gizonezkoena, bai emakumezkoena. Beste txapelketa batzuetako konpromisoak direla eta, 21ean jokatu behar dugu, nahiz eta mutilek baino lehenago jokatu ohi dugun. Zaleek erabat eraberritu den gure taldea ikusteko aukera izango dute, eta test gisa balioko digu, 31n hasiko baitugu liga», azaldu zuen.